[Galeria] Herriko plazak tontor bilakatu dituzte herritarrek
Oarsoaldeko lau herriko plazetan bildu dira herritarrak, Sare Herritarraren deiari erantzunez. Mendiko tontorrak herriko plazengatik aldatu dituzte.
Herriko plazak mendi tontorrengatik aldatu dituzte gaur herritarrek. Izan ere, gaur egitekoa zen euskal presoen aldeko tontor igoera bertan behera uztea erabaki zuen ostegunean Sare Herritarrak. 2021 maiatzaren 8ra atzeratu dute, baina gaur ez dira etxean geratu. Argazki jendetsuak atera dituzte herriko plazetan.
«Gaurkoan, gure aldarriak soinean hartu, zapatilak jantzi eta Euskal Herriko 650 mendi tontorretara igotzekoak ginen; hitzordua maiatzaren 8ra atzeratu dugu baldintza egokietan egiteko aukera izango dugulakoan, elkarbizitza, konponbidea eta bakearen bidean urratsak ematen ari garen herria garela erakutsiz», esan dute Sare-ko kideek.
Herritar bakoitza «ibiltari» bilakatu nahi dutela ere esan dute gaurko mobilizazioetan, «izan norbanako moduan edota era kolektiboan». Guztiak norabide berean arraun egiteko garrantzia nabarmendu dute. Zentzu horretan, hilaren 24an Donostiako Antiguo auzoan konponbidearen alde egingo duten egitasmoan parte hartzera animatu dituzte bertaratutakoak.
Hona Errenteria-Oreretan, Lezon (Lezo eta Pasaiako herritarrek bat egin dute; pasaitarrak Donibanetik Lezora abiatu dira, eta Saldisen bildu dira denak) eta Oiartzunen bildutako argazkiak: