'Mugiment' programaren bidez kirola sustatuko dute Pasaian
Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatua Pasaian elkartu da Izaskun Gomez alkatearekin, herriko kirol ohiturak indartzeko iniziatiba martxan jartzeko asmoz.
Harkaitz Millan Kultura eta Kirol diputatua Pasaian izan da Izaskun Gomez alkatearekin elkartzeko, Mugiment Gipuzkoa programa indartzeko asmoz. Iniziatibaren helburua jarduera fisikoa herritar guztiengana zabaltzea da, hau gizarte osoaren eskubide denez gero. Egitasmoa bereziki zuzendu zaie jarduerarik egiten ez duten pasaitarrei (eta gipuzkoarrei, oro har), kirola egiteko zailtasun handienak dituzten horiei.
Pasaiako Udalarekin koordinatuz, hiru biztanleria talde nagusi definitu dira: haurrak (0-8 urte), kontziliazio arazoak dituzten helduak, eta adinekoak. Biztanleria talde horiek orain arte ez dute izan benetako espaziorik tokiko eta lurraldeko kirol zerbitzuen agendetan, eta, aurreikuspenen arabera, hobekuntza handia espero da. Talde horiez gain, udalak Pasaia Kirol Badia Kluba izeneko programa bat jarri du abian eskola kirolean parte hartzeko adina gainditzen duten neska-mutilentzat. Bertan, 16 urtetik aurrera, eskola kirola amaitzen denean, bereziki neskek kirola egiten jarrai dezaten sustatu nahi da.