Llum i Llibertateko bi kide Montserrateko ekintzari buruz arituko dira
Ostiralean beteko da urtebete Aiako Harria argitu zutenetik. Katalunian egin zutenek beren esperientziaren berri emango dute, eta etorkizunari buruz arituko dira.
Ostiralean beteko da urtebete Oarsoaldeko herritar talde batek Aiako Harria argiztatu zuenetik. Kataluniarrekin elkartasuna adierazi nahi izan zuten, eta erreferenduma bidea dela argi utzi.
Ekintza ikusgarri hartatik urtebete beteko denean, Gure Eskuk hitzaldia antolatu du Manuel Lekuona bibliotekan. Montserrat mendian antzeko ekintza bat egin zuten Llum i Llibertat taldeko bi kide hurbilduko dira bertaraino.
Gainera, elkartasunetik elkarlanerako bidea egiteko garaia dela esan du Gure Eskuk. “Bi herriok erronka bera baitaukagu, gure etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzea. Herri libre, burujabe eta zoriontsua eraikitzea”, gaineratu dute.
Llum i Llibertateko kideek euren esperientziaren berri emango dute, eta etorkizunean zein urrats eman daitezkeen aztertuko dituzte. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, eta edukiera mugatua izango da.