Etxebizitza Bulegoa etxe hutsen jabeekin jarriko da harremanetan
Etxe hutsak ASAP alokairu duineko programa bideratzera animatuko dituzte etxe jabeak. Udalaren zein Etxebideren onurak jasoko dituzte hala eginez gero.
Oiartzungo Udalak etxebizitza gai nagusitzat duen kanpaina abiarazi du, beste behin. Horregatik, herrian etxebizitza hutsak dituzten pertsonekin jarriko da harremanetan, gutun bitartez zein Etxebizitza Bulegotik deituta. Helburua izango da etxebizitza huts horiek ASAP programan sartzea.
Etxebizitza huts horiek egitasmoaren barruan sartzen dituzten etxe jabeek onurak izango dituzte, bai udalaren aldetik baita Etxebideren aldetik ere. Zerga, berritze lan eta aseguruetan abantailak eta laguntzak jasoko dituzte. Ondasun Higiezinen Zergaren errekargurik ez dute ordaindu beharko, adibide bat jartzea aldera.
Oiartzungo Etxebizitza Bulegoa 2016tik dago martxan. Oarsoaldea Garapen Agentziaren bulegoetan eskaintza da zerbitzua, Udala eta Oarsoaldearen arteko hitzarmena dela eta. Udalak zehaztu duenez, hamalau etxebizitza bideratu dira alokairura.
Etxebizitza Bulegoak beharrezko informazio guztia ematen die etxejabeei, baita tramiteak egiten lagundu ere. Etxejabeei programaren onurei buruz informatzeko eskatu nahi die Udalak, euren etxebizitza hutsari erabilera emateko.
Etxebizitza Bulegoa Mamuteko bulego eraikinean dago, bigarren solairuan (Oarsoaldea Garapen Agentziaren bulegoetan dago). Bulegoa 09:00etatik 14:00etara dago irekita, baina hitzordua eskatu beharko da lehenago, 943 49 41 29 telefono zenbakira deituta edo e-posta bidez idatzita.