Haren gerizpeak ez du inor gehiago hartuko
Betirako zirudien, sendo, eder, orritsu eta berde... baina gaur gaueko haizeteek gogor astindu dute, lurrera botatzeraino.
Pontika auzoaren lehen urteetan heldu zen bertara. Ordutik, handitzen joan da, sendotzen, indarra hartzen, eta bere tokia hartua zuen, gelditzeko asmoz iritsi zelako. Auzotarren iniziatibaz aldatu zuten zuhaitza, eta urte luzeetan eman die itzala bertako bizilagunei, zein animaliei; azken horietako batzuen bizilekua ere izan da zuhaitz handia.
Betirako zirudien, sendo, eder, orritsu eta berde… baina gaur gaueko haizeteek gogor astindu dute, lurrera botatzeraino, eta erabaki dute ez dela gehiago Pontikako bizilagunen gerizpe eta babes izango. Argazkia auzo horretako bizilagun batek bidalia da. Penaz hartu dute albistea, zuhaitza desagertuta urteetan emandako gerizpe eta babesa desagertu delako, baina baita ere, auzoaren historian, auzolanaren eredu eta erakusle zelako. Zuhaitz handiak utzitako hutsunea betetzea ez dute erraza izango.