Konposta guneetara jarraipen bisitaldia egingo dute etzi, neurriekin
Ostegun goizean herriko konposta guneak bisitatuko dituzte teknikariek. Lanean ari diren momentuan, herritarrei ez hurbiltzeko eskatu diete.
Etzi goizean —hilak 29— Lezoko konposta guneetara bisitak egingo dituzte, aurreikusitako egutegiari jarraituz. 09:00etan hasiko dira teknikariak jarraipen lanak egiten, eta ordena hau jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar eta Arretxene. Lopenera ere joango dira, berrantolaketa lanak egin ondoren.
Lezoko Udalak herritarrei eskatu die konposta guneetara ez hurbiltzeko, teknikariek bere lan egiten duten bitartean. Osasun egoera dela eta prebentzio neurriak hartu dituzte.
Konpostatzeari dagokionez, arazorik ez dagoela gogorarazi du udalak. Gune batean bi erabiltzaile baino gehiago ez elkartzea eskatu dute, baita segurtasun distantziak mantentzea ere. Hondakin organikoak makinan sartu ondoren tartea uztea eskatu dute, eta hondakinak nahasten dituztenek maskara eta eskularruak erabiltzea.
Konpostak ez du kutsatzen
Konpostak ez duela kutsatzen nabarmendu du udalak, eta guneak baldintza onetan zaintzeko eskatu. “Konpostagailuek baldintza onetan lor ditzaketen tenperaturak funtzio higieniko argia du: birus zein bakteriak desagerraraztea, alegia, kalitatezko konposta lortuz”. Horretarako tenperatura altuak behar dira.
Urteko hilabeterik beroenak aprobetxatu dituzte, bisitak maiztasun handiagoarekin egiteko. Urteko azkena abenduan izango da. Aurreko bisiten dinamikarekin jarraituz, emaitza zuzenean bidaliko zaie erabiltzaileei.
Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daiteke: e-posta bidez edo whatsapp bidez (647 057 402).