Pertsonak erdigunean jartzeko enpresa eredu berriak aurkeztuko dituzte
Pertsonak eta iraunkortasuna ardatz dituzten ekonomia eredu berriei buruzko webinarra eskainiko dute ostegunean, 11:00etan hasita.
Koronabirusak eragindako krisiak inoiz baino garrantzitsuago egin du norbanakoak enpresa munduaren eta ekonomiaren erdigunean jartzeko beharra; horretarako, ezinbestekoa da enpresa eredu berriekiko trantsizioa egitea. Lan modu berritzaile horiek hilaren 29an (osteguna) aurkeztuko dituzte, 11:00etatik 12:00etara izango den webinar batean.
Bilkuran, Adriana Uribesalgo eta Estibalitz Hernandez adituek interesdunei azalduko diete nola jar ditzaketen martxan negozio eredu berri hauek euren enpresetan. Beste hainbaten artean, ekonomia zirkularra eta urdinak ekar dezakeen balio proposamena azalduko dute.
Jardunaldi hau Oarsoaldea Garapen Agentziak COVID-19ak eragindako galerei aurre egiteko xedez sorturiko ‘Ekonomia berria’ iniziatibaren barne kokatzen da: “Epe laburrean pertsonak nahiz enpresak erreskatatzeko laguntzetatik kanpo, ekonomia eraldatzaile berria eraikitzea ezinbestekoa da”.