Igandean hilerrian bisitari pilaketak saihesteko eskatu du udalak
Domu Santu Egunean bisita ugari izaten dira. Edukiera mugatua du hilerriak, eta segurtasun tarteak errespetatu behar dira.
Datorren igandea Domu Santu Eguna da, eta ohikoa izaten da hilerriak bisitatzea, hildako senide eta gertukoei loreak utzi edota dolua gordetzeko. Osasun neurriak bermatze aldera, Oiartzungo Udalak bisitari pilaketak saihestu nahi ditu.
Gogorarazi dutenez, hilerriak edukiera mugatua dauka, eta hori errespetatu behar dela. Hilerri barruan metro eta erdiko distantzia mantendu behar dela gogorarazi diete joateko asmoa dutenei. Taldean joan behar izanez gero, bizikide ez direnak ez elkartzeko eskatu dute.
Hilerrirako sarrera eta irteera alde banatik egingo dute. Zuzenean bisitatu nahi den hilarrira joatea gomendatu dute, markatuta dauden noranzkoei kasu eginez. Udalak herritarren eskura jarriko du gel hidroalkoholikoa.
Datorren igandean, hilerria 06:30etik 21:00etara egongo da irekita. Hala ere, bistari gehien joaten diren orduak saihesteko eskatu du udalak, eta egunero irekita dagoela gogorarazi.