Kalitatezko osasun zerbitzu publikoen alde elkartu dira
Bestelako eredu bat eskatu dute, egungoak bere mugak erakutsi dituela uste dutelako. Datozen bi asteazkenetan ere elkartuko dira.
Herritar talde batek Oiartzungo anbulatorioaren aurrean elkarretaratzea egin zuen atzo arratsean. Kalitatezko osasun zerbitzu publikoen aldeko aldarria eraman zuten osasun etxearen pareraino.
“Langileak nekatuta eta baliabiderik gabe, eta herritarrok arreta duinik gabe. Egungo ereduaren mugak agerikoak dira”, kritikatu zuten. Horregatik, beste eredu mota bat eskatu zuten, gaur egungoa agortuta dagoela uste baitute.
Eredu berri horretan lehen arreta zerbitzuan baliabide gehiago egotea eskatu dute. Horrez gain, osasungintzarako inbertsioa Barne Produktu Gordinaren %7 izatea galdegin dute. Murrizketak eta pribatizazioak etetea da beste eskaeretako bat.
Atzoko elkarretaratzeari segida emango diote datozen bi asteazkenetan. Azaroaren 4an eta eta 11n berriro elkartuko dira anbulatorio aurretan. 19:00etan geratu dira.