Jaurlaritzaren zehaztapena: ondoko herriko kultur ekitaldietara eta jatetxetara joan daiteke

Pasaitar batek, adibidez, Lezoko, Errenteriako, Hondarribiko edo Donostiako jatetxe edo kultur ekitaldietara joateko aukera izango du.

Eusko Jaurlaritzak argitu du, COVID-19aren zabalpenaren gainean astelehenean ezarritako neurrien harira, herritarrek ondoko herrietako edo mugakide diren udalerrietako jatetxeetara eta kultur ekitaldietara joan ahal izango dutela. Horiek “jarduera sozio-ekonomikoen” barruan daudela zehaztu du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. Nahasmena zegoen gaiaren gainean, asteleheneko dekretuan ez zegoelako garbi adierazia “jarduera sozio-ekonomikoen” atalean zer sartzen zen.

Beraz, pasaitar batek adibidez, Errenteria-Oreretako, Lezoko, Hondarribiko edo Donostiako jatetxe eta kultur ekitaldietara joateko aukera izango du; azken hauetan sarrera soinean eramatea komeni da, Ertzaintzak edo udaltzainek eskatuko balute erakusteko. Beste adibide bat: Errenteria-Oreretak eta Pasaiak Donostiarekin muga dutenez, hara joan daitezke erosketak eta bestelakoak egiteaz gain, kultur ekitaldietaz gozatzera.

Beheko zerrendan, Oarsoaldeko herrien mugakide diren udalerriak, Gipuzkoan.

  • Pasaiaren mugakide diren herriak honakoak dira (Gipuzkoan): Errenteria-Orereta, Lezo, Hondarribia eta Donostia.
  • Errenteria-Oreretaren udalerri mugakideak: Pasaia, Lezo, Oiartzun, Donostia, Hernani eta Astigarraga.
  • Lezoren udalerri mugakideak: Pasaia, Errenteria-Orereta, Oiartzun, Hondarribia eta Irun.
  • Oiartzunen udalerri mugakideak: Lezo, Errenteria-Orereta, eta Irun.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.