Udalak osasun larrialdi egoeran hartzen ari den neurriak gogorarazi ditu
Azken egunetan dagoen kutsatze tasa altuarekin kezkatuta daudela esan dute. Segurtasun eta ongizate neurriak hartzen ari direla gogorarazi dute.
Oiartzungo Udalak, prentsa ohar baten bitartez, COVID-19ak sortutako larrialdi egoeraren aurrean hartutako neurriak gogorarazi ditu. Era berean, osasun gomendioak eman ditu.
“Gauza jakina da azken asteetako kutsatze maila mozten ez bada, osasun-sistema kolapsatu daitekeela”, ohartarazi dute. Osasungintzako langileek arazoaren berri eman dute. Oiartzunen kutsatze tasa altua dela nabarmendu dute: azken astean 40 kasu egon dira.
Prebentzio neurrien berri eman dute, beste behin: maskara erabiltzea, segurtasun neurriak mantentzea eta jende pilaketak saihestea (gehienez sei pertsona elkar daitezke).
Hirugarren neurri hori funtsezkoa dela esan dute, kutsatze katearekin bukatzeko. “Kezka adierazi nahi dugu azkeneko asteburuetan Done Eztebe plazan izaten den jende kopuru handia dela eta”, esan dute.
Baliabideak indartu
Egoera zailari aurre egiteko neurriak hartzen ari direla ziurtatu dute, hala nola jende pilaketak saihesteko baliabideak saihesten, zaintzarako baliabideak indartzen eta herritarren ongizatea bermatzeko ekitaldiak antolatuz —eta bertan, gune seguruak sortzen—.
Oiartzungo udaletxea irekita dago, baina herritarrei eskatu diete hobe dela administrazio elektronikoa erabiltzea, ahal den heinean.
Barne mailan, beste hainbat neurri hartu dituzte, hala nola bilera telematikoak. Atzoko plenoa hala egin zuten.
Orian arte hartutako neurriekin konfinamendu orokorra saihestu nahi dute, ondorio sozial eta ekonomikoak ahalik eta gehien arintzeko. “Oiartzungo Udalak badaki egoera zaila dela guztiontzat. Horregatik, herritarrei animoak eman eta norbere burua zein besteak zaintzeko deia egiten diegu. Zaindu, eta elkar hartu”.