Pantailaren bitartez ozeano azpira bidaiatzeko aukera izango da, berriro
Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren bigarren ekitaldia egingo dute azaroaren 9an, 10ean eta 11n, Niessenen. Doan izango dira emanaldiak.
Errenteriako Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren bigarren ekitaldia egingo dute azaroaren 9tik 11ra, CIMASUB izenarekin. Planeta osoko itsas hondo ikusgarrienak bisita daitezke, pantailaren bitartez. Horrez gain, itsas-zaborraren klima aldaketaren eraginaren ikuspegi globalagoa izaten laguntzeko bidea izan daitekeela ziurtatu dute antolatzaileek.
Itsaspeko Nazioarteko Zine Zikloa 1975ean sortu zen, itsas hondoaren edertasuna erakusteko asmoarekin. Ekitaldiek aurrera egin ahala, itsasoak pairatzen duen kutsadurak protagonismo handiagoa hartu du. Errenteria-Oreretan aurkeztuko dituzten lan gehienek metrajearen zati bat eskaini diote ingurumen arazo horri. Gaiari buruzko kontzientziazioa “benetakoa, serioa eta behin betikoa” lortu nahi dute antolatzaileek.
31 lan
Niessen kulturgunean 31 lan eskainiko dituzte, 27 film labur eta lau dokumental. Azaroaren 9an, 10ean eta 11n proiektatuko dira, 19:00etatik 20:30era. Sarrera doan izango da.
Lanen kalitatea urtetik urtera handituz joan dela ziurtatu dute: “Formatua aldatzen ari da; esaterako, film laburren kopurua areagotu egin da, baita aurkezpenen intentsitatea ere. Dokumentalek gero eta erritmo biziagoa dute”. Horren helburua herritarrei mezua ahalik eta modu zuzenenean iritsaraztea da.
Aurtengo ekitaldian Rafael Herrero Massieu omenduko dute, urpeko irudien eremuan izan duen eraginagatik.
Antolatzaileek Real Sociedad Fundazioa eskertu dute, emandako laguntzagatik.