Hondakinak kalean uzten dituztenak isuntzen dituela gogorarazi du udalak
Hondakinen udal ordenantza betetze aldera, 22 isun jarri ditu aurten. Udalak ohartarazi du ez duela onartuko gutxi batzuek herriaren irudia zikintzea.
Errenteriako Udalak Hondakinen Udal Ordenantza onartu zuen duela hiru urte. Instituzioak gogorarazi duenez, ingurumena eta osasun publikoa babestea da arau horren helburu nagusia.
Udalak adierazi duenez, herriko kale eta mendietan ikus daitezke “jarrera arduragabeen eta ez-solidarioen” ondorioak: “Kasu askotan hondakinak kalean uzten dira: hondakin inerte eta arriskutsuz betetako poltsak, altzariak eta hondakin handiak, eraikuntza eta eraispeneko hondakinak eta obra-hondakinak, kartoizko ontziak…”.
Arau-hauste arinetarako 750 euro arteko isunak ezartzen ditu ordenantzak, eta larriak badira, 1.500 euro artekoak. Oso larriak badira, 3.000 eurora irits daitezke.
Udalak udaltzainek ingurumenarekiko duten “jarrera proaktiboa” eskertu du, haien eskumena baita halakoak zigortzea.
Aurten, udalak 22 espediente jarri ditu abian, hondakinen gaineko ordenantza urratzeagatik; udaltzainak jarritako salaketetan oinarritu dira. Hirugarren hiruhilekoan dezente ugaritu dira salaketa horiek.
“Errenteriako Udalak ez du onartuko zenbait pertsonaren jarrera txarraren ondorioz gure herriak irudi txar eta negatiboa izaterik”, ohartarazi dute. Isunak jartzeko bidea hartuko dutela jakinarazi dute, eta ziurrenik ugarituko direla. “Gutxi batzuen jarrerak ezin du atzera bota askoren artean aurreratu duguna”.