"Zu ikustera joaten den batengatik dena eman behar duzu"
Hilabete honetan hamar urte bete dira The Bobby’s taldeak agertoki bat lehen aldiz zapaldu zuenetik. Hiru disko atera dituzte, eta orain ibilbidea laburbiltzen duen dokumentala ontzen ari dira.
The Bobby’s taldeak hamar urte daramatza errepidean, gaztetxez gaztetxe, jaialdiz jaialdi, oholtzaz oholtza. Hiru lan atera dituzte orain arte: Aurrera jarraitu (maketa, 2012koa), Bakarrik ez gaudelako (2016ko diskoa) eta Ispilura begira (2018koa).
Aldaketak aldaketa, bost kide izan dira ia beti. Orain lau dira: hasieratik dauden Martin Alvarez eta Beñat Bengoetxea; Unai Alvarez —bigarren aldaketa batean sartu zen— eta Manex Alberdi —taldekide berriena da—. Hiru elkarrizketatuek kide guztiak izan dituzte gogoan, eta esan dute ez dutela beraiengan pertsonalizatu nahi.
Bengoetxeak gogorarazi ditu taldearen urrats haiek. Ez ziren ezohikoak edo beste gazte batzuek duten hastapenen ezberdina izan: «ATP taldearekin hasi nintzen, 2009 inguruan, eta gaztetxean elkartzen ginen trago batzuk hartu eta gustatzen zitzaizkigun taldeen bertsioak egiteko: Piperrak, Eskorbuto, Cicatriz…». Ondoren etorri ziren Gipuzkoako oi! taldeen bertsioak: Des-kontrol, Zakarrak, Hell Beer Boys…
«Dokumentalean taldea ezagutzen ez duen edonork ikusiko du bilakaera»
Urte pare batez aritu ziren horrela, eta baxua eta gitarra jotzen ikasten ari ziren bi lagun hurbildu zitzaizkion, talde bat sortzeko proposamenarekin: Rajoy Mojas Hoy. Abestiak ateratzen hasi ziren pixkanaka. Kuadrillako baten omenez aldatu zuten izena, eta ondoren etorri zen Londreseko poliziaren —bobbien— parafernalia.
«Berez, The Bobby’s-i kakotxa jartzearena gaizki dago, baina ongi geratzen zenez…». Badaezpada estatutik kanpoko erakunde baten trufa egitea erabaki zuten.
Seriotasun handiagoarekin hasi ziren lanean, eta besapean hamar kanta zituztenean, lehenengo maketa grabatu zuten, Endika Loiolarekin. Gazteak izanik, diru gutxi zuten; guztia beraiek egin behar izan zuten: grabatu, muntatu, kopiak atera… Maketaren azalerako argazkia behar zuten. Gaztetxeko ordenagailuko artxiboan bilatzen hasi eta 1988ko gaztetxearen —asilo zaharra— kaleratzearen argazki bat aurkitu zuten, udaletxearen sarreran zegoen margoketarekin: Asilo destruido, ayunta destrozado. «Hau guretzako da!».
Oarsoaldean hasi ziren kontzertuak ematen, eta Azkoien (Nafarroa) eta Aramaiora (Araba) ere joan ziren, lagunen bitartez. Oarsoaldean punk eta oi! mugimendua txikia zela iruditzen zaio Bengoetxeari: «Bazegoen Gipuzkoan punk-oi mugida, baina Oreretan bat ere; ez zen erraza mugitzea. 1980ko hamarkadan herrian Odio eta Basura taldeak zeuden, punta-puntakoak. Gero eten bat egon zela uste dut; beste estilo bateko taldeak egon dira: metaleroagoak, Pikutara, Kashbad…». Hala ere, beti jarraitzaile ugari izan ditu taldeak, eta parranda egiteko aitzakia izan da ingurukoentzat.
Unai, zu maketa ondoren sartu zinen taldean. Nola gogoratzen duzu?
Unai Alvarez: Abesti pare bat grabatu genituen, bat Loiolaren Matxinada bildumarako, eta bestea presoen senideen alde. Maketaren ondorengo lehen diskoa Loiolaren estudioan grabatu genuen, Oiartzungo Ijitu-Baitan. Nahiko kaotikoa izan zen: aurkezteko kontzertu eguna iragarri genuen, eta ozta-ozta iritsi ginen. Masterra borratu zitzaigun, berriro egin… Kontzertuaren bezperan iritsi ziren. .
Beñat Bengoetxea: Bigarren diskorako —2016an— jende gehiago ezagutzen genuen. Adibidez, The Sinners Beasaingo taldea. Gehiago mugitzen hasi ginen eta pixka bat gehiago jotzeko aukera izan genuen.
United Sounds jaialdia antolatu genuen Oiartzunen, 2017ko urtarrilean. Ikusten genuen bazeudela talde asko gure soinu bera zeukatenak, eta gure artean ezagutarazteko eta batasun bat lortzeko beharrezkoa zen horrelako festibal bat antolatzea, Holidays in Barduliaren antzekoa. Zortzi bat talde aritu ginen, denak Euskal Herrikoak.
Hortik aurrera etenalditxo bat egon zen, eta hirugarren lanerako abestiak prestatzen hasi ginen, baita ordura arte egindako akatsak zuzentzeko ere. Estudiora beste segurtasun batekin joan ginen.
Ispiluari begira diskoak arrakasta handia izan du, ezta?
Alvarez: Andoainen grabatu genuen, eta Niessenen aurkeztu. Disko hura bai izan zela indartsua. Kontzertu asko ematen hasi ginen, ordura arte baino gehiago, eta aretoetan eta guzti hasi ginen jotzen: agertoki handiagoak zapaltzen hasi ginen. Agian bost agertoki handitan jotzen genuen jarraian, eta hurrengoa herri txiki bateko zulo batean geneukan saioa. Zein gogoa izaten genuen horrelakoetan jotzeko…
Manex Alberdi: Azpeitiko gaztetxean iaz jo genuen, 600 pertsonaren aurrean. Hurrengo egunean Bizkaiko herri batean jo genuen. Sekta baten kontzentrazioa-edo ematen zuen: ermita batean jo genuen, ez dakit nondik sartu behar zinen, generadore bat zeukaten, hogei bizkaitar ero zeuden…
Bengoetxea: Kristoren harrera egin ziguten. Kontzertua hasi genuenean uste genuen ez gintuztela ezagutuko, baina lehenengo abestitik mikroa kendu ziguten, eta giro handia sortu zen. Lehenengo bi diskoak ezezagunagoak dira, eta hirugarrenarekin bai lortu dugula entzunagoak izatea.
Alvarez: Hirugarren diskoa, askorentzat, izan da aurreko biak ezagutzeko modua. Disko hori entzuten dute eta ondoren joaten dira aurrekoak ezagutzera. Orduan sartu zen Manex.
Nola hartu zintuzten, Manex?
Alberdi: Taldeko kideren bat ezagutzen nuen, eta lehenengo kontzertua Hernaniko sanjoanetako Molotoff gunean izan zen. Hortik aurrera, hirugarren diskoaren aurkezpenera etorri nintzen Niessenera. Astigarraga aldean The Bobby’s ez zen asko ezagutzen, gainera.
Proposatu zidatenean, hamar urte neramatzan bateria ukitu gabe. Beldurtuta nengoen. Behar izanez gero, probatuko nuela: arratsalde pare bat joan nintzen, ongi atera eta kamisetarekin kontratua egin genuen [kar-kar]. Kristoren ilusioa egin zidan, eta etxean bezala sentitzen naiz.
Alvarez: Manex sartu zen garaian etenalditxo bat egin genuen, ohitu zedin. Gero hilean lauzpabost kontzertu emateko erritmoan sartu ginen, eta zazpi ematera ere iritsi ginen udaran.
«Abesti berrietan kritika soziala egongo da, baina baita alde pertsonalagoak ere»
Punk eta oi! musikaren sehaska den uhartera joan zineten duela urte pare bat. Nolakoa izan zen esperientzia?
Bengoetxea: Hirugarren disko horrekin aurkezpen bira bat ematea erabaki genuen. 2018ko urriaren 12an joan ginen Edinburgora, eta gau hartan jo genuen bertan. Hiri hartan bizi diren espainiar talde batek antolatu zuen kontzertua. Urtero, egun horretan, Indigenen Erresistentziaren Eguna ospatzen dute, eta gai baten inguruan elkartasun kontzertua antolatzen dute. Urte hartan Altsasuko gazteen kasua izan zen.
Alvarez: Zazpi bat taldek jo genuen han, eta hemengo lagunak ere joan ziren haraino. Erabat ezberdina zen dena: hemen ez bezala, jotzeko materiala pubekoek utzi ziguten; afaria ez ziguten eman eta ez ginen beste taldeekin egon… Kristoren kontzertua eman genuen, eta parranda egiteko aukera ere izan genuen, baita turismorako ere. Hori bai, bueltan Amsterdameko aireportuan gelditu ginen, hegazkina galdu genuelako… [kar-kar].
Orain, COVID-19arekin, dena geldirik izan duzue. Orduan sortu al da dokumentala egiteko aukera?
Alvarez: Lehenago etorri zitzaigun dokumentalaren ideia. Badakit talde guztientzat putakeria bat dela geldialdi hau, baina guri oso ongi etorri zaigu. Abesti berriak egiten ari ginen, kontzerturik eman gabe, eta lauzpabost berri ditugu hurrengo disko baterako. Aretxabaletako Dani Sanchez SKST-rekin elkartu ginen. Ikus-entzunezkoak ikasi ditu, eta tipo txukuna da bideoak-eta egiteko.
Alberdi: Dokumentaleko protagonista bakarrak ez gara. Gertuko jendearekin elkartu gara. Taldea ezagutzen ez duen edonork ikusiko du The Bobby’s taldearen sorrera eta bilakaera osoa, gaur egun arte: kide aldaketa guztiak.
Bengoetxea: Elkarrizketa pila bat egin ditu, eta narrazio moduko bat egin du, 50 pertsonaren artean. Oso ongi lotu du. Bideo pila bat nituen artxibatuta, eta tartekatu ditugu elkarrizketekin. Egia esan, irudi pila bat ditut gordeta, eta noizbait aprobetxatu behar zirela esaten genuen.
Alvarez: Urrian bete dira hamar urte The Bobby’s-ek lehenengo kontzertua eman zuenetik, eta asmoa zen urte hau bukatu baino lehen aurkeztea. Azaldu digunez, pare bat astean prest izango du, taldekide izan garen guztiok ikusi eta oniritzia emateko. Etxetik egin dugu lan guztia; dei eta bideodei pila bat egin genituen konfinamendu garaian.
Beraz, zuek taldea ongi pasatzeko duzue, ez da zerbait behartua zuentzako?
Alvarez: Gutxieneko seriotasuna eduki behar duzu, diziplina txiki bat. Zure kontzertu bat ikustera urrutitik doan norbaitengatik dena eman behar duzu. Kontzertu txarra atera daiteke, mila arrazoirengatik. Ez diogu inori ezer exijitzen. Diru aldetik ez dago inolako arazorik: segun eta kontzertua antolatzeko kausa zein den, moldatzen gara. Kontzertu askotan dirua galdu dugu.
Alberdi: Badakigu zertan ari garen. Jendea ezagutzea oso gustuko dugu, beste gaztetxeak, beste taldeak…
Dokumentalaz gain, zer duzue esku artean?
Alvarez: Lehendabizi nahiko genuke dokumentala aurkeztu, herrian edo inguruan. Pentsatu genuen Niessenen egitea, baina egun guztietan hartuta dago. Lagun eta ezagun artean aurkeztu ondoren, sare sozialetara igoko dugu, baina DVDa erosteko aukera egongo da, euskarri fisikoa gustuko dutenentzat. Poster txiki bat izango du.
«Punk-oi! eszenan nesken kopurua hazten ikustea pozgarria da»
Bengoetxea: Abesti berriei dagokionez, kritika sozialak indarra izango du, baina alde pertsonaletik idatzitako abestiren bat ere egongo da. Momentuan ateratzen dena izango da, ez goaz zerbaiten bila. Gu ez gara musikariak, gu artistak gara [kar-kar].
Nola ikusten duzue oi! mugimendua?
Alberdi: Oso indartsu ikusten dut nik, gorakada izaten ari da. Orain ez, baina lehen astebururo bazegoen kontzerturen bat. Eta jende asko dabil gainera, topera.
Bengoetxea: Nafarroan gehienbat ateratzen ari dira talde berriak. Hemen pixka bat gutxiago.
Duela gutxi, astekari batean, musikari batek esan zuen testosterona asko dagoela punk-oi eszenan, «gizontasunaren irudi hegemonikoa» dagoela.
Alberdi: Ez dut uste. Hor daude Desorden, Facta edo Perlata talde mistoak, eta Hexen eta Las Tuercas neskenak… Orain dela urte batzuk bai zegoela mutilen hegemonia hori, baina esango nuke Euskal Herrian behintzat ez dela horrela. Gonbidatuko nuke kontzertu batera etortzea; geroz eta neska gehiago daude, eta aurrean. Pozgarria da kopurua hazten ari dela ikustea.
Bengoetxea: Egia da taldeetan mutil gehiago gaudela, baina musika talde guztietan bezala. Gizartea horrelakoa da, eta pixkanaka joango dira bidea egiten. Gure azkeneko diskorako grabatu genuen emakumeen kontrako indarkeriari buruzko abesti bat, eta eduki genuen bi emakumeren kolaborazioa.