Animaliak babesten dituen taldeak laguntza eskatu du
Kalean uzten dituzten animaliei laguntzen die OI-AN boluntarioek osatutako elkarteak laguntza eskatu die herritarrei, baliabide gutxi dituztelako.
Oiartzungo Animali Babesa elkarteak (OI-AN) laguntza eskatu die oiartzuarrei. Egoera txarrean dauden animaliak zaintzen dituzte: kalean daudenak; tratu txarrak jaso dituztenak; udalak kontratatutako enpresak jasotako animalien etorkizunaren kudeaketa…
Elkartea boluntarioek osatzen dute, eta hainbat urtez aritu dira modu anonimoan animaliekin lanean. “Gure helburua da Oiartzungo animaliei laguntzea, eta animalia horien eta herritarren arteko harremana osasuntsua, baketsua eta kontrolatua izatea”, adierazi dute.
Laguntza eskatzeko arrazoia da katu ugari iritsi zaiela, eta ez dituztela nahikoa baliabide. Animalien zale guztien laguntza eskatu dute, ahal duten neurrian, elkartea desagertu ez dadin.
Laguntzeko hainbat bide daudela gogorarazi dute (e-posta bidez jar daitezke harremanetan). Honakoak dira:
- Elkartearen bazkide egiten, hileko ekarpenarekin.
- Kalean jasotako katuak adoptatzen.
- Ekarpen ekonomiko bat eginez, Laboral Kutxaren ES93 3035 0076 98 0761070573 kontu korrontean, Bizum bidez (634 41 17 11 telefono zenbakian) edo Teaming bidez.
- Animalientzako elikagaiak edo bestelako produktuak emanez.
Beraien webgunean aurki daiteke informazio gehiago.
Katu bat hil dutela salatu dute
Bestalde, gaiarekin lotuta, kalean bizi zen bi hilabete inguruko katakume bat hil dutela salatu dute elkarteak.
Adierazi dutenez, Kontzejupe plazan aske zegoen zakur batek kosk egin zion, akabatu arte. “Non dago txakurraren jabea? Aske eta kontrolik gabe dabilen txakurraren jabea?”.