Urtzi Olaziregik dozena erdi abesti aterako ditu Bassk-en labetik
Orain arte bezala sokazko instrumentuak, haizezkoak, perkusioa, pianoa eta sintetizadoreak erabili ditu eta soinu banden kutsua dute.
Bassk du izena Urtzi Olaziregiren bakarkako proiektuak. Aldizka abestiak ateratzen ditu, eta beste dozena erdi abesti berri prestatuta ditu. Sorta horretako lehenengoa pasa den astean igo zuen Youtube plataformara: Gau Beltzarentzako soinu banda. Aste honetan Neguaren zai aurkeztu du. Xabier Leteren abestiaren moldaketa bat da.
“Oiartzuar eta Xabier Leteren zale bezala”, esan du Olaziregik, “bere heriotzaren hamargarren urteurrena beteko den honetan, nire omenaldi txikia egin nahi izan diot”. Olaziregi Beirako baxu jotzailea da, eta bere taldekide Jon Martinek jarri dio kantari ahotsa.
Jakinarazi duenez, pixkanaka igoko ditu gainontzeko abestiak. Mutrikuko AME estudioan grabatu ditu, eta aurrekoen joera jarraituko duela ziurtatu du Olaziregik: “Sokazko instrumentuak, haizezkoak, perkusioa, pianoa eta sintetizadoreak erabili ditut, eta soinu banden kutsua dute”.