Memoria partekatua sortzeko hitzarmena sinatu dute
Oiartzungo Udalak hitzarmena sinatu du Aranzadi elkartearekin. Giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte, 1936tik hasi eta gaur egun arte.
Pasa den asteko plenoan onartu zuten, aho batez, hitzarmena, eta gaur aurkeztu dute: Oiartzungo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak hitzarmena sinatu dute, Oiartzunen egon diren giza eskubideen urraketak ikertzeko asmoarekin.
Lau urteko iraupena izango du hitzarmen horrek, eta bi aro bereiziko ditu. Alde batetik, memoria historikoa landuko dute; 1936tik 1959ra emandako giza eskubideen urraketak aztertuko dituzte. Bestetik, gertuko memoria: 1960tik gaur egun arte egon direnak landuko dituzte.
Bi garaiak momentu berean ikertuko dituztela nabarmendu dute, eta frankismoa, trantsizioa eta demokrazia garaiak aztertuko dituztela nabarmendu dute.
Udalean ordezkaritza duten bi alderdien —EH Bildu eta EAJ—arteko kontsentsutik dator hitzarmena. Jexux Leonet Oiartzungo alkateak bi udal taldeen artean adostutako testua irakurri du.
Elkarbizitza eraikitzeko pausoan beste urrats bat dela berretsi du alkateak: “Giza eskubideen urraketa guztiak azaleratu eta bizikidetzaren oinarri sendoak jarri behar ditugu gertatutakoa ez dadin berriz errepikatu”.
Urte luzez Katin Txiki elkarteak egindako lanari jarraipena emango diote modu horretan. Memoria historikoaren alorrean egindako lana eskertu die udalak.
Leonetek gogorarazi duenez, iazko uztailaren 27ko ekitaldiaren prestaketarekin hasi ziren bidea urratzen. Orduan, tropa faxisten errepresioa jasan behar izan zuten udalbatzako kideak —II. Errepublika garaian aukeratutakoak— omendu zituzten.
“Ekitaldia prestatzen jabetu ginen egia ezagutzearen eta jasandakoa aitortzearen garrantziaz, bai eta pausu horiek senide eta lagunen beharrak asebetetzen lagundu dezaketela”, adierazi du alkateak. Esperientzia hura izan zen urratzen ari diren bidea egiteko akuilua.
Egia jakitea, beharrezkoa
Udalbatzan ordezkaritza duten alderdiek gertatutakoaren egia jakin nahi dute, eta modu horretan, gatazkak gizartean izan duen eragina ikustarazi, eta giza eskubideen urraketa horiek izan duten dimentsio humanoa azaleratu.
“Jabetzen gara gatazkak eta indarkeriak herritar ororen bizitzetan eragina izan dutela, eguneroko harremanetan, lan politikoan… Korapilo asko sortu dira eta korapilo horiek askatzeko memoriaren bidez enpatizatzea, elkar ulertzea eta, batez ere, elkar entzutea eta elkar aitortzea ariketa ezinbestekoa direla”.
Memoriaren bide horren hartzaile nagusiak, giza eskubideen urraketak gertutik sufritu izan dituztenak izango direla iragarri du Leonetek, baita haien oinordekoak ere, nahiz eta “gizarte guztiari” zuzendutako lana izango den.
Bi udal alderdiek adostutako testuaren arabera, memoria partekatu bat eraiki nahi dute, eta biktimen aitortza eta erreparazioa ere bai. “Izan ere”, jarraitu du alkateak, “gure herriko memoria kolektiboaren eraikuntza honek etorkizuneko bizikidetzaren oinarri sendoak sortzen lagunduko gaitu”.
Horrek guztiak irakaspen etiko bat ateratzen lagun dezakeela adierazi du: “Ditugun erronkei heltzeko baldintzak sortu eta giza eskubideen errespetuan oinarrituriko bizikidetza elkarrekin eraikitzeko balio behar du, antzeko urraketak berriz errepikatu ez daitezen”.
Aranzadik ikerketa lana egiten duen bitartean, Oiartzungo Udalak gaiari buruzko hausnarketa egiteko eta elkarrizketa ahalbidetzeko ekitaldiak antolatuko ditu. Oraindik ez dute data zehatzik, COVID-19ak baldintzatuko baitu. Datozen hilabeteetan egin ahal izatea espero dute, eta prest dituztenean emango dute haien berri.
Oiartzungo herritarrei dei egin diete, ahal duten neurrian beren lekukotzak eta informazioa (argazkiak, idatziak…) Aranzadiri helarazteko. Telefonoz dei daiteke, 943 46 61 42 zenbakira, edo e-posta bidez idatzi, honako helbidera.
Katin Txikiri eskerrak
Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak adierazi zuenez, gertatu zena kontatzeko eta laguntzeko prest daude. Udalbatzak adierazitako ideia bat berretsi zuen: “Egiarik gabe, ezinezkoa da justizia, eta ezin da aitortza eta erreparaziorik egon”.
Mota guztietako artxibategietara joko dutela iragarri zuen: herrikora, Gipuzkoakora, militarretara… Katin Txiki elkartearen —bertako bi kideak egon ziren agerraldian— lana goraipatu zuen, eta “oso aurreratuta” utzi dutela ziurtatu zuen Bucesek.
Oiartzuarrei eskatu zien lekukotzak ahalik eta azkarren emateko, berandu baino lehen. “Gurea ikerketa zientifiko bat da, ez da eleberri baterako edo telesail baterako”, aldarrikatu zuen Aranzadiko kideak.
Hori bai, biktima guztien konfidentzialtasuna gordeko dutela iragarri zuen, testigantza batzuen gogortasuna eta berritasuna dela eta. Jakinarazi zutenez, Oiartzun Euskal Herriko bosgarren herria izango da bi garai historiko ezberdinak ikertuko dituena. Orio, Tolosa, Azpeitia eta Hernanik hartu zuten memoriaren bide hori.