Memoria historikoa eta estatuaren indarkeriaren biktimak izan dituzte plenoan hizpide
Egiari Zor Fundazioaren mozio bat aztertu dute plenoan, eta Aranzadi elkartearekin lau urterako hitzarmena sinatu du udalak.
Urriari dagokion plenoa egin zuten asteazken arratsaldean, eta orain dela hiru hilabeteko praktikara bueltatu ziren: zinegotzi batzuek telematikoki parte hartu zuten bertan. Hamahiru puntuko gai zerrenda izan zuten, eta guztiak aho batez onartu zituzten bi taldeek.
Horietako bat Egiari Zor Fundazioaren mozioa izan zen, EH Bilduk plenora eramandakoa. 2012tik ari dira lanean; estatuaren indarkeria jasandakoentzako biktima izaera aitortzea eskatzen dute. Zehazki, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan funtzionario publikoek eragindako hildako, torturatu eta zaurituei.
Giza eskubideen urraketa horiek jasan dituzten oiartzuarrei biktima izaera aitortzea hasteko prozesura animatu dute.
Aranzadirekin hitzarmena
Antzeko gaiekin jarraituz, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lau urteko hitzarmena sinatzea onartu zuten. 79.000 euro bideratuko dituzte lau urte horietan, 1936tik gaur egun arte eman diren giza eskubideen urraketak ikertzeko.
Udalean ordezkaritza duten bi taldeek —EH Bilduk eta EAJk— Bizikidetza mahaia osatuta dute. Horren harira, gertatukoaren “egia ezagutzea” ezinbestekoa da, erreparatzeko.
Mendiburu 14, beste bi aste gehiago
Bestelako puntuei dagokienez, Mendiburu 14 erakinak beste bi astez geldirik egon beharko du. Eremuko lurra egonkortzen ari da, baina lan horietan jarraitu beharko dute oraindik.
Horrez gain, 2021eko taxi tarifak onartu zituzten. Aurtengo berdinak izango dira. Bestalde, Oiarperi lokala utziko zaio Madalensoron —orain arte bezala—.
Gainera, Oarsoaldea Garapen Agentziaren Kudeaketa Plana ere onartu zuten. COVID-19a dela eta, aldaketak egon dira, eta 370.000 euro bideratuko dituzte.