Norabide zehatzik gabeko garairako, orientazio jolasa
'Iparra galdu gabe' orientazio jolasa egingo dute igandean Arditurrin. Goizean zehar familiarentzako jolasak egingo dituzte.
Planak urritzen ari diren garai honetan, Arditurriko parketxeak proposamena helarazi die familiei. Datorren igandean —azaroaren 8an— Iparra galdu gabe jolasa egiteko aukera egongo da.
Aurrekoetan bezala, 10:00etatik 12:00etara egingo dute orientazio jolasa (hogei minutuero izango dira txandak). Parketxetik abiatuko dira, eta elebitan izango da. Parte hartzaile bakoitzarentzako prezioa hiru euro dira. Familia ugarien kasuan, kide batek ez du ordaindu beharrik izango.
COVID-19aren kontrako segurtasun neurriak hartuko dituzte. Talde txikietan ibiliko dira, distantziak mantenduz. Eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa egongo da, eta norberak eraman behar du musukoa.
Izen-emateak eta informazio gehiago 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefono zenbakietara deituz edo Arditurri parketxearen e-mail helbidera mezu bat bidaliz.