"Liburuaren ondorioa da momentua bizi behar dela"
Haurrentzako liburua idatzi du, Gau Beltzean girotuta. Heriotzaren gaia ukituta, bizitzaren aldarria egin du Mitxeok, Kepa Etxebarriaren ilustrazioekin.
Haurrentzako liburua idatzi du, Gau Beltzean girotuta. Heriotzaren gaia ukituta, bizitzaren aldarria egin du Mitxeok, Kepa Etxebarriaren ilustrazioekin.
Nola sortu zen liburua idazteko ideia?
Duela lau urte hartu nuen Taloka kafetegiaren ardura. Urruñan bizi naiz, eta han Halloween pila bat ospatzen da; hainbat urtez festa antolatzen aritu nintzen. Lezon lanean hasi nintzenean, pentsatu nuen ea zergatik ezin nezakeen hemengo haurrentzako zerbait egin.
Sei hilabete neramatzan lanean 2016ko urrian, eta bezeroei eskertze aldera, merienda bat antolatu nuen. Jende asko etorri zen, eta hurrengo urtean bikoitza etorri zen. Jende asko etortzen hasi zenez, udalera jo nuen. Ehun euro nire poltsikotik posible ditut ordaindu, baina hainbesterendako…
Lezoko Udaleko Kultura Sailarekin jarri nintzen harremanetan, eta proposatu nien pertsonaia edo istorio bat asmatzea. Ados zeuden, eta asko eskertzen diet. Iaz motxila batzuk oparitu genituen, udalaren laguntzarekin. 2019ko irailean hasi ginen ipuina lantzen: Lur pertsonaia sortu genuen. Baina bazegoen bigarren arrazoi bat.
«Idazten dudan lehen aldia da; banekien zer esan nahi nuen, baina ez nekien nola»
Zein zen bigarren arrazoi hori?
Hiru alaba ditut, eta ertainari hil ala biziko bihotzeko ebakuntza egin behar zioten. Hiru urterekin hil zitekeen. Nola azalduko nien bere ahizpei bera gabe itzul nintekeela? Liburuak bilatzen hasi nintzen, baina gehienak oso lotuta zeuden erlijioarekin. Ez ninduten konbentzitzen, ez zegoen ezer magiarekin lotutakoa.
Horregatik erabaki nuen heriotzaren gaia lantzea. Liburuaren ondorioa da momentua bizi behar dela; ez ikusi heriotza gauza tristea bezala —nahiz eta horrela den—, baizik eta aprobetxatzeko zuk posible dituzula gauzak egin, pertsona horrek ezin dituenak egin. Horrek indarra eman behar dizu. Hainbat ikastoletatik deitu digute gaia lantzeko.
Testuak zuk idatzi dituzu, baina ilustrazioak Kepa Etxebarriak egin ditu. Nola jarri zinen harremanetan berekin?
Taloka kafetegian Kristina Elizegik egiten du lan, eta berari komentatu nion ipuin bat egiteko ideia, eta ilustratzaile bat bilatzen ari nintzela. Proposatu zidan bere koinatuaren izena, eta Keparekin jarri nintzen harremanetan. Hasiera hartan sei orrialdeko ipuintxo bat zen, lauzpabost irudirekin, eta kito.
Ordu erdira lehenengo ilustrazioa bidali zidan, pasada bat zen. Irudiek bizia dutela nabaritzen da, mugitzen direla dirudite. Elkartu ginen, eta lehenengo harremana izan genuen hor. Ondoren ia dena Whatsapp bitartez egin genuen, are gehiago konfinamenduan. Irudi guztiak eskuz egiten ditu, akuarelekin eta. Denbora asko inbertitzen du ilustrazio bakoitzean, baina horrek badauka bere xarma, artisau puntua. Beraren marrazkirik gabe ez litzateke ipuinik egongo.
Zer izan da zuretzat orri zuriaren aurrean jartzea?
Banekien zer esan nahi nuen, baina ez nekien nola idatz nezakeen. Zirriborroak eta zirriborroak egin ditut. Autoan joaten nintzen lanera, eta inspirazioa etortzean audio bat grabatzen nuen, eta hor uzten nuen, bueltatzen nintzenerako. Batzuetan orrialde batean ataskatuta gelditzen nintzen, eta agian ematen nituen hiru aste ezin jarraituta. Nire buruari esaten nion, ‘Zein zaila den orri bat idaztea!’. Baina gero, bat-batean, lau orrialde jarraian idazten nituen.
Nire aitona Ricardo eta amatxi Joxepirengan oinarrituta dago istorioa. Hogei urte nituen arte joaten nintzen haiek bisitatzera, Irungo Bidasoa auzoko baserrira. Aitona Arantzakoa zen, eta istorio pila bat kontatzen zizkigun: akerra ikusi zuela, sorginekin egon zela… Alde horretatik, ez da izan zaila. Baina ipuinaren bihotza da zer sentitzen dugun (haizea, kilimak…) eta hori gehiago kostatu zait.
Aditu batek hartzen badu, esan dezake ez daukala ez hankarik eta ez bururik… Haurrentzako denez, beren buruarentzako antolatuta dago: hasiera, korapiloa eta bukaera. Eta irakaspen bat.
Gaur zortzi aurkeztuko zenuten liburua, baina bertan behera gelditu zen. Aurrerago zerbait egiteko asmoa al duzue?
Liburu honen helburuak bi dira: bat, Lezon festa egitea; eta bi, heriotzari buruz hitz egitea. Bigarren arrazoi horrek ahalbidetzen du urteko edozein datatan egin ahal izatea. Aurkezpena egin badezakegu, Gezalan egingo dugu, baina momentuz…
«Oso gustura nago Lezon; indarra ematen didate Talokara datozenek»
Liburua eskuratu nahi duenak zer egin behar du?
Lezon, Talokan eskura daiteke, eta Oreretan, Xenpelar kultur dendan. Aurrerago liburu dendetan egongo da. Horrez gain, ari gara e-posta bitartez saltzen. Ordainketak Bizum bidez egiten dira, eta posta arruntez banatzen dugu.
Liburuko ilustrazioak ez dira bakarrik paperean ikusiko. Kaialde plazan ere horma-irudia egin du Etxebarriak.
Liburuaren azala kafetegi ondoko pareta batean proiektatu dugu, eta hainbat pertsonai gehiago gehitu dizkiogu: Trapujale… Sei bider hiru metroko pareta bat da. Oso polita geratu da.
Zu ez zara lezoarra, baina festa bat antolatzea eta duen harrera ona ikusteak poz pixka bat sortuko dizu, ezta?
Egia esan, Lezorekin izan nuen lehenengo harremana duela lau urte izan zen. Irundarrontzako pixka bat aparte geratzen den herria da.
Denetarik egongo da, baina sekulakoa bat da herriko jendea. Irunen, adibidez, haurrak etortzen dira tabernara eta ‘Ura!’ eskatzen dute. Lezon, berriz, ‘Kaixo. Baso bat ur, mesedez’ esaten dizute. Ongi heziak daude, gozada bat da. Pixkanaka harremana estutzen joan gara.
Aprezio handia hartu diot Lezoko jendeari. Etxekoa da tratua; Lezokoak edo bizilagunak dira, edo familia. Denek elkar ezagutzen dute.
Oso gustura nago, eta gauzak egiteko indarra ematen didate han elkartzen direnek. Haurrak etortzen zaizkit eta eskatzen dizkidate aulkiak eta mahaiak, Talokaren aurrean antzezlan bat egiteko. Eta ni, poz-pozik.