Bigarren zati kaxkar batek pikutara bota du oiartzuarren hasiera ona
Bigarren Nazional Mailako taldeak Añorgaren kontra galdu du, Donostian. Euskal Ligako taldeak etxean berdindu du.
Oiartzun Kirol Elkarteko bi taldek jokatu dute asteburuan. Ezin izan dute garaipenik lortu, nahiz eta Bigarren Nazional Mailako taldea markagailuan aurreratu zen.
Añorgan jokatu zuten, atzo eguerdian. Esan bezala, Naiara Alvarezen gol batekin aurreratu ziren, baina donostiarrek berdinketa lortu zuten epaileak atsedenaldia adierazi baino lehen.
Bigarren zatian punturen bat eramaten saiatu ziren oiartzuarrak, baina zementugileek gogor bultzatu zuten, beste hiru gol lortuta. Nesken talde nagusiak hiru partida jokatu ditu; etxeko bakarra irabazi du, eta kanpoko biak galdu.
Liga hasi dutenak Euskal Ligako taldekoak dira. Erandioko Betiko Neskak taldearen bisita jaso zuten larunbatean Karla Lekuonan. Gol festa egon zen, hiruna berdindu baitzuten. Nahia Amoresek eta Rebecca Dianak —bi— sartu zituzten golak. Puntu bat poltsikoratuz hasi dute denboraldia.