[Erreportajea] Ondarea, etorkizunerako
Oiartzungo Ondarearen proiektuarekin aurrera jarraitzen dute. Euskarri digitala prest dute. Proiektua bizirik mantentzea izango da erronka.
Oiartzungo ondarearen proiektuak mugarri berria du: webgunea. Orain dela bi urte eta erdi abiarazi zuten prozesuaren beste koska bat da, baina ez azkena, ezta hurrik ere. Euskarri digital horri —ondarea.oiartzun.eus—batuko zaio ondarea gordetzeko euskarri fisikoa, Arizmendi-eneko lanak guztiz bukatzen direnean. Pasa den astean aurkeztu zuten webgunea.
Urte luzeetako prozesu baten pauso garrantzitsua izan da webgunea sortzearena. Oiartzunen ondarearekiko interes handia egon dela gogorarazi du Iosune Cousillas Kultura zinegotziak, eta horretan aritu diren herritarrak eskertu ditu.
Adibideak zerrendatu ditu: Mugarri bildumaren 26 zenbakiak, urtekariaren 50ak, bideogintza, argazki zaharren funtsak, museoak… «Gauza pila bat bilduta zeuden, baina jarri behar genuen dena ordenatuta eta, gainera, herritarren esku. Hori izan da proiektuaren helburu nagusia», laburbildu du.
Jon del Olmo Ogasun zinegotziak korapilo askoko hari-pilota batekin alderatu zuen 2018ko udaberriko egoera: «Lehenagotik genituen gauzak ziren, baina askatzen joango gara, hori antolatu dugu. Orain bi tresna izango ditugu: webgunea eta Arizmendi-enea».
2015 eta 2019 urteen arteko legegintzaldian heldu zioten gaiari. Hainbat faktore batu ziren horretarako, Kultura zinegotziaren arabera: «Iñaki Arbelaitz hil zen, eta etxean zuen funtsarekin zerbait egin behar zela esanez etorri zen herritar bat. Beste alde batetik, herritarrek esaten ziguten Oiartzungo historia jaso behar genuela liburu batean; baloratu genuen digitalki egitea hobea izango zela. Arizmendi-enea ere berritu behar zen…». Udalak bazuen orduan horretarako ahalmena, teknikari bat kontratatu zuten, eta webgune bat diseina zezala esan zioten.
Cousillasek argi utzi du ondarearen proiektua ez dagoela bukatuta, elikatzen jarraitu beharko dela. Irekia eta zabala izatea nahi du udal gobernuak, ez dadila estatikoa izan. Horretarako herritarrak proiektura hurbilarazi nahi dituzte; ondarea interesekoa duen edonorekin elkarlanean aritu nahi dute.
Pozik daude egin den lanarekin. Cousillasek gogorarazi du orain dela hiru hamarkada inguru hasi zirela hainbat oiartzuar mugitzen, bazutela materiala eta ilusioa: «Garai hura bizi izan zuten asko hemen daude oraindik, eta niri ilusioa egiten dit haiek ikustea zerbait gauzatu dela». Ez ditu ahaztu urte hauetan hil direnak: «Webgunearen ekitaldian, Iñaki Arbelaitzen alargunak esaten zigun zein poza emango zion hemen egongo balitz hau ikustea».
Ondarearen sailkapena eta antolatzea ez dute kapritxoz egin. Filosofia baten barruan sartu du Kultura zinegotziak: «Transmititu behar dugu nondik gatozen eta nora joango garen. Oso garrantzitsua da bai gure herrirako baita Euskal Herrirako ere hori jakitea, nora joan nahi dugun erabakitzeko. Horretarako ezinbestekoa da ondarea balorean jartzea».
Del Olmok, berriz, praktikotasunetik definitu du martxan jarritako proiektua. «Lortu duguna da gauzak bideratzeko bidea ikastea. Agian gu ez gara gai izango datorren guzti horri leku bat aurkitzeko —Garmendiko dolarearen adibidea jartzen dugu beti; biltegian izan dugu—. Ahal dugunari webgunean edo Arizmendi-enean emango diogu tokia, baina ezin dugunarentzako, badaude beste toki batzuk: aldundiaren Gordailua esaterako». Topatutako kasuistika ezberdinek irakatsi diete bidea urratzen, eta orain, berriro egin beharko balute, ziurtatu du jakingo luketela zer egin.
Del Olmok onartu du gehiago kezkatzen duela proiektua mantentzeak orain arte egindako lanak baino. Esku artean zerrenda bat badute, hainbat gai lantzeko, Miren Amoriza teknikariak eta Ondarearen Mahaiak zehaztutakoak. «Asmatu beharko zein metodologia erabili mahai hori piztuta mantentzeko, jendea erre gabe, noski. Bizpahiru gauza jarriko ditugu urterako, eta hiruzpalau bilera emankor egin daitezke».
Ondarearen Mahaia
Ondarearen Mahaiaren papera azaleratu nahi izan dute bi zinegotziek. Ondarearekiko zaletasuna zuten herritarrak bildu zituzten bertan, eta urtean hiruzpalau aldiz elkartu dira. Denen artean kudeatu dituzte gaiak, eta beste hainbat sortu dira bertatik. Urtean zehar lan ildo finko bat izaten saiatu direla ziurtatu dute.
Aurrerantzean, hainbat gai mahai gainean jar daitezkeela adierazi du Del Olmok. Adibidez, Europako Ondarearen Jardunaldien barruko ekitaldiak antolatzearena. Deialdi hori urte hasieran iristen da, nahiz eta urrian egiten diren —aurten ez dute izenik eman—. «Udalak baliabideak jarriko ditu, eta zer egin nahi duten erabaki beharko du mahaiak: adibidez, pentsa dezakete Arizmendi-enean zortzi hilabetez erakusketa bat jartzea, eta gero emanaldi bat eskaintzea», esan du Del Olmok.
Esan duenez, mahaiak argi eduki behar du Arizmendi-enea eta webgunea elikatu behar duela, eta gero herritarren eskura jarri behar dela landutakoa. «Udalak, behintzat, argi dauka: diru publikoa erabiltzen ari garen heinean, herritarrengana joan behar du atzera bueltan».
Aurten ez dute Europako jardunaldien barruan parte hartuko, baina horren ordez ekitaldi sorta polita antolatu dute azaroko asteburu guztietarako —ikus egitaraua zehaztuta behean—. Zalantzan egon dira, egin ala ez, baina azkenean aurrera egin dute.
Gaur zortzi hasi ziren, webgunearen aurkezpenarekin, eta larunbatean jarraitu zuten, ibilaldi bat emanez. 30 bat lagun, seiko taldetan banatuta, elkartu ziren Done Eztebe plazan. Gurutze auzora igo ziren autobusean, eta handik Beloaga gaztelura jo.
Nafarroako Erresumaren aztarna horiek bertatik bertara ezagututa, Altzibarrera jaitsi ziren oinez. Han Ugarte errota zena ezagutu zuten, eta ondoren Iturriozko bidea hartu zuten. Auzoko dorretxean Joxe Mari Iturriotz eta Alvaro Aragonek azalpenak eman zizkieten.
Biharko, berriz, Elizaldeko kaskotik ibilaldi gidatua egingo dute, Kulturabirusa iniziatibaren barruan egin bezala —orain helduentzako izango da—. Biharkoan zein gainontzekoetan parte hartu nahi dutenek 943 49 45 21ra deitu beharko dute, edo e-posta mezua bidali. (Ikus egitaraua behean).
Ihurrita errota: ondarearen adibide praktikoa
Webgunearen aurkezpenean hitza hartu zuenetako bat Alex Roteta izan zen, Ihurrita errotakoa. Webguneari egindako ekarpenari buruz hitz egin zuen. Gauza bat argi utzi zuen: ez dela ondarean aditua, ezta historialaria ere, baina webgunea «erabilterraza» egin zaiola.
Esan zuenez, Ihurrita XIV-XV. mende inguruan sortu zen. Hala ere, erromatarren garaitik ehotzen dela nabarmendu zuen Rotetak. XII-XIII. mendeetan iraultza bat eman zen produktibitatean, eta oiartzuarrek hori ongi ulertu eta ekarri zuten.
«Hidraulikak ehoketan eta burdin produkzioan iraultza bat suposatu zuen, eta onura handiak ekarri zizkion Oiartzuni». Ihurritako sistemak gaur egun ere oraindik funtzionatzen duela gogorarazi zuen: «Tornola eta Arditurriko urak etortzen diren bezala, presa txiki batekin bideratzen dira, kanal batetik antapara batera. Antaparatik errotara joaten dira, ehotu dezan. Teknika hau beste hainbat tokitan dago: Arraskueko azpiegitura, Txalakakoa, Txarondokoa, Ugartekoa…».
Ihurrita familiaren azpiegitura horrek hainbat funtzio izan zituen mendeetan zehar: batzuetan errota izan da, bestetan burdinola, Errenteria-Oreretako argiteria publikoa ere eman zuen…
Transmisioaren garrantzia nabarmendu zuen Rotetak: «Erdi Aroko jakinduria hori, modu batera edo bestera, guganaino iritsi da. Hori da ondare ez-materiala. Roteta abizena errotatik dator, eta nire aurreko bost belaunaldiak ofizio horretan aritu dira». Horregatik, memoria berreskuratzera deitu zuen: «Jendeari galdetu behar zaio, eta hori ezagutu egin behar dugu. Galdetuz, iritsi behar dugu entzutera eta ulertzera».
Egitaraua
- Bihar: Elizaldeko kaskotik ibilaldia Doneztebe plazatik, 10:00etan. Edukiera: Sei laguneko taldeak osatuko dira.
- Hilak 20: Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile Mugarri bildumako liburuaren aurkezpena udaletxeko areto nagusian, 18:30ean. Edukiera: 30 lagun.
- Hilak 21: Ibilbide geologikoa Arditurrin. Uztapide plazatik (Ergoien), 10:30ean. Edukiera: Sei laguneko taldeak osatuko dira.
- Hilak 22: Done Eztebe parrokiako tekladun soinu-tresnen berritze lanak, elizan bertan, 11:00etan. Edukiera: 60 lagun.
- Hilak 27: Oiartzungo hotsak proiekzioa eta zuzeneko musika (koplak, tobera eta txistua) udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Edukiera: 30 lagun.
- Hilak 28: Familia plana: Oiartzungo herri musikaren errepertorioa udaletxeko areto nagusian, 19:00etan. Edukiera: 30 lagun.
- Abenduak 2: Xabier Lete ttiki liburu aurkezpena Antton Kazabon egilearekin, udaletxeko areto nagusian, egunean zehar, herriko LH 2. mailako ikasleentzat.