Lezoko sozialistak pozik daude tren geltokiko lanak amaitu direlako
Tren geltokiko lanen emaitzekin kontent dago Lezoko PSE-EE.
Jose Angel Sanchez PSE-EEren udal taldearen eledunak poztasuna adierazi du tren geltokiko lanak amaitu direlako. Bere hitzetan, geltokiaren irisgarritasun lanak gauzatzea PSE-EEren eskaera historikoa izan da.
Azaldu du Lezoko bizilagunen kexetan oinarritutako urteetako eskaera izan dela eta nabarmendu du trenbide pasagunea hobetzea zela eskakizun nagusia.
Sanchezek azpimarra jarri du Odon Elorza Espainiako kongresuko diputatuak egindako lana: “Haren lanari esker Lezoko bizilagunek kalitatezko azpiegitura bat izango dute. Nasetako argiztapena berritu da, irisgarritasuna eta zerbitzuak hobetu dira, eta arriskuak saihestu dira: nasen artean zegoen pasabidea kendu dute, eta horien arteko bidea lur azpitik egin daiteke, eskailera eta igogailuekin”.
Sanchezek nabarmendu du Lezoko PSE-EEk lanean jarraituko duela mugikortasunaren alde, nahiz kalitatezko eta iraunkorra den garraio publikoaren alde: “Gainera, instalazioen hobekuntzarekin ziur lezoarrek gehiago erabiliko dutela Renferen aldiriko trenak”.