Xabier Lete omenduko dute ekitaldi sorta batekin, hil eta hamar urtera
Herriko eragileek eta udalak jarduera asko antolatu dituzte, Lete "gogorarazteko, gozarazteko eta ezagutarazteko" asmoarekin.
Abenduaren 4an hamar urte beteko dira Xabier Lete poeta, idazle eta abeslari oiartzuarra hil zela, 66 urte zituela. Lete omentzeko helburuarekin hainbat ekitaldi antolatu dituzte azaro bukaera eta abendu hasiera artean.
Udalak eta herriko hainbat eragilek Lete omentzeko asmoa zuten, eta indarrak batu eta egitarau aberatsa sortu dute. Gaur aurkeztu dute, eta oiartzuar guztiei gonbita luzatu diete Lete gogorarazi, gozatu eta “are gehiago” ezagutu dezaten.
Ondare Mahaia, Hitzen Lihoak eta Azmarrin izan dira, udalarekin batera, ekitaldiak antolatu dituztenak. Aurkezpen ekitaldian Arantza Lete —Xabierren arreba— ere izan da.
Udalak, hiru ekitaldi
Oiartzungo Udalak hiru ekitaldi antolatu ditu. Lehenengoa Mugarri bildumaren 26 zenbakia aurkeztuko dute. Leteren alderik ezezagunena azaleratu dute Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saiz de Egilazek eta Anjel Lertxundik: prosagilearena.
Normal, xanistebanen aurreko kultur ekitaldian aurkeztu ohi dute Mugarri bildumako zenbakia, baina aurten ez da horrela izan. Orain Ondarearen Jardunaldien barruan egingo dute ekitaldia. Egileez gain, Idoia Beratarbide ilustratzaileak ere hartuko du parte.
Liburu aurkezpenera joateko aldez aurretik tokia erreserbatu beharko da e-posta bidez idatzita edo 943 49 45 21 telefonora deituta.
Horrez gain, Leteri buruzko bi ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da hiru egunez. Leteren kontzertuak eta hari egindako bi elkarrizketa izango dira bideo horien gaiak. Mikel Mendizabalen artxibokoak dira ikus-entzunezkoak.
Horrez gain, udalak ekitaldi instituzional xume bat egingo du poeta eta abeslariaren omenez.
Letrak eta zauriak ikuskizuna
Lete omentzeko iniziatibaren barruan, Letrak eta zauriak ikuskizuna ikusteko aukera egongo da abenduaren 13an. Joserra Senperenak, Beñat Gaztelumendik, Quico Pugesek eta Xabi San Sebastianek egin dute emanaldia, eta hainbat diziplina artistiko uztartuko dituzte.
Leteren melodia eta kantuek presentzia handia izango dute emanaldian, eta gonbidatu bereziak izango dira Oiartzunen: Antton Valverde eta Oihana Lekuona.
Sarrerak datorren astean jarriko dituzte salgai, hamar euroren truke (gainontzeko ekitaldiak dohainik izango dira). Urrats paper dendan pasatu beharko da bila.
Haurrentzako ere bai
Kultura transmisioa mantentzea da udalaren kezketako bat, adierazi dutenez: “Transmisioa belaunaldi gazteenekin egin ezean, ez du iraungo. Izan garena ezagutzea ezinbestekoa denez garena ulertzeko, eta izan nahi duguna erabakitzeko, herriko haurrentzako ekintzak ere badaude egitarauaren baitan”.
Batetik, Antton Kazabon idazleak idatzi duen Xabier Lete ttiki liburua aurkeztuko die egileak berak Elizalde Herri Eskolako eta Haurtzaro Ikastolako Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleei. Ekitaldi hori ere Ondarearen Jardunaldien egitarauan sartuta dago.
Bestetik, Xabier Lete XXXIII. Prosa eta Poesia lehiaketako sari banaketa ere izango da. Duela bi urte, herriko haur eta gaztetxoen artean literaturazaletasuna sustatzeko lehiaketaren sari-banaketaren data aldatu zuten, Leteren heriotzaren urteurrenarekin bat egiteko. Iaztik, lehiaketak haren izena darama.
Herriko eragileen alea
Herriko eragileek beren ekarpena egin nahi izan dute. Azmarrin taldeak, esaterako, mahai ingurua antolatu du abenduaren 2rako.
Alex Gurrutxagak eta Ainhoa Urienek parte hartuko dute saio honetan, Goiatz Labandibarrek gidatuta. Gurrutxagak eta Urienek Xabier Leteri buruzko liburu bana argitaratu dute aurten: Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria Gurrutxagaren kasuan, eta Poesia zaurien ukendu. Xabier Leteren arrastoan Urienek.
Bestetik, Hitzen Lihoak dinamikak Xabier Leten barrena ibilbide biografikoa antolatu du. Leteren bizitzan esanguratsuak izan ziren herriko espazioak bisitatuko ditu kantu, bertso eta azalpenez osatuta.
Antolatzaileek gogorarazi dute COVID-19a prebenitzeko segurtasun neurri guztiak hartuko direla ekitaldietan.
Egitaraua
- Hilak 20, ostirala: Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile liburuaren aurkezpena (udaletxeko areto nagusian, 18:30ean).
- Abenduak 2, asteazkena: Xabier Lete ttiki liburu aurkezpena. Udaletxeko areto nagusian, egunean zehar, Lehen Hezkuntzako bigarren mailako ikasleentzat. 19:00etan, Leteren oihartzuna mahai-ingurua, pleno aretoan.
- Abenduak 4 (ostirala): Xabier Lete XXXIII. Prosa eta poesia lehiaketako sari banaketa
(San Esteban elizan, 18:00etan). - Abenduak 4, 5 eta 6 (ostiraletik igandera): Xabier Leteri buruzko ikus-entzunezkoen emanaldiak (Arizmendi-enean, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara).
- Abenduak 5 (larunbata): Xabier Leten barrena ibilbide biografikoa, Landetxe plazatik, 10:00etan. Xabier Leteren omenezko ekitaldi instituzionala, Arizmendi-enean, 12:00etan.
- Abenduak 13 (igandea): Loreak eta zauriak emanaldia, Elorsoro kiroldegian, 18:00etan. Sarrerak Urrats paper dendan, 10 euroan.