Eñaut Elorrietak itxiko du 'KantagiLtza', saio bikoitzarekin
Abeslari gernikarrak igande arratsaldean emango du solasaldi musikatua. Gotzon Barandiaranek gidatuko du saioa.
Lagunarteko Garaia eta Bizardia elkarteek —udalaren laguntzarekin— antolatutako KantagiLtza zikloa datorren igandean, hilak 22, bukatuko da. Anari eta Txuma Murugarrenekin solasaldi musikatuak egin ondoren, Eñaut Elorrietaren txanda izango da. Kasu horretan, Gotzon Barandiaranek gidatuko du saioa.
Bi saio emango ditu abeslari gernikarrak. Lehenengoa 17:00etan hasiko da, eta bigarrena, 19:00etan. Antolatzaileek hasierako 60 sarrerei beste hainbeste gehitu diete.
Bost euroan eros daitezke sarrerak, Urrats paper dendan. Egunean bertan emanaldia eskainiko duten tokian egongo dira salgai, prezio berean.
Bi saioak Arizmendi-enean daude programatuta. Eguraldi txarra eginez gero, udaletxeko pleno aretora eramango dute Elorrietaren solasaldi musikatua.
Udazken honetan egin dute lehen aldiz KantagiLtza zikloa, hileko hirugarren igandean.