Euskaraldian izena emateko azken egunak
Antolatzaileek gogorarazi dute lehen edizioan parte hartu zutenek berriro eman beharko dutela izena aurten ahobizi edo belarriprest izan nahi badute.
Hiru egun barru emango zaio hasiera 2020ko Euskaraldiari, ostiral honetan, hain zuzen (hilak 20). Azken txanpa besterik ez da gelditzen euskararen maitale diren guztiek euren izena eman dezaten belarriprest edo ahobizi izateko.
Antolatzaileek gogora ekarri nahi izan dute 2018ko edizioan parte hartu zutenek aurten esperientzia errepikatu nahi badute berriro eman beharko dutela izena aukeratutako rolean. Horretarako, zabalik da oraindik inskripzioa egiteko epea honako esteka honetan.
Pasa den asteburuan txapak jasotzeko mahaiak jarri ziren Pasaian, baina norbait berea hartu gabe geratu bada, herriko liburutegietan edo euskara zerbitzuan jaso dezakete oraindik.
Egitaraua
Ostiral honetatik aurrera eta abenduaren 4ra bitarte, euskara ahalik eta txoko gehienetara zabaltzeko egitaraua prestatu dute Pasaian. Hamabost egun izango dira aurtengo erronkak betetzeko eta kultur eskaintza ezberdinekin gozatzeko, bizipenak partekatzeko eta herria koloreztatzeko.
Aretoen edukiera muga dela eta, antolatutako ikuskizun eta tailerretan parte hartzeko, aldez aurretik gonbidapenak hemen hartu behar dira.