Kartzela eta sorgin-ehiza hizpide, andreenganako indarkeria instituzionala azaleratzeko
Azaroak 25aren harira bi hitzaldi antolatu dituzte. Lehenengoan kartzelari kritika feminista entzuteko aukera egongo da. Bigarrenean, sorginak izango dituzte hizpide.
Datorren asteazkena azaroak 25 da, indarkeria matxistaren kontrako eguna. Aurten indarkeria instituzionalean jarri dute fokua.
Indarkeria mota horretako bi adibide aztertuko dituzte beste hainbeste hitzalditan. Bi solasaldiak udaletxeko pleno aretoan izango dira, 18:30ean hasita.
Lehenengoak Kartzelari kritika feminismotik. Itsutu eta mututako errealitateak du izena. Datorren asteartean —hilak 24— izango da, eta hizlariak bi preso ohi eta militante feminista izango dira: Ekhiñe Eizagirre eta Katia Reimberg.
Hizlariak entzuteaz gain, La mochila invisible dokumentala ikusteko aukera emango zaie bertara joaten direnei. Kartzelan preso egondako hiru emakumeri buruzko dokumentala da, behin kalera atera ondoren aurkitzen dituzten zailtasun eta estigmatizazio hirukoitza aztertzen du. Hiru estigmatizazioak honakoak dira: generoarengatik, jatorriarengatik eta kartzelatik pasatu izanagatik.
Bigarren saioa ostegunean —hilak 26— izango da, Sorginak existitu al ziren? izenburupean. Amaia Nausia Pimoulier historialariak izango du galderari erantzuteko ardira. Euskal Herrian XVI. eta XVII. mendeetan egondako sorgin ehizari buruz arituko da.
Oiartzungo Feministen Asanbladak eta udalak antolatu dituzte hitzaldiak. Adierazi dutenez, indarkeria matxistak hainbat aurpegi ditu. Eurentzako “ezinbestekoa” da atzera begiratzea, egungo gizartea zein indarkeria matxista bera ulertzeko.
Elkarretaratzea
Azaroaren 25ean elkarretaratzea antolatu dute Done Eztebe plazan. 18:30ean izango da. Udalak atxikimendua adierazi nahi izan dio.
Bestalde, gaur eta bihar Florecica dokumentala ikusteko aukera egongo da. Josefina Lambertoren bizitza kontatzen du, 1936ko gerrak emakumeengan izan zuen eragin bortitzaren adierazleetako bat da.