Ihoteekin noiznahi gozatzeko aukera, 'Oiartzungo ihotik' karta jolasari esker

Abaraxka ludotekak 'Oiartzungo ihotik' karta jolasa sortu du. Dixiduk diseinatu ditu kartak, eta Iosu Mitxelena Unsainek ilustratu ditu.

oiartzungo ihotik karta Kutxa batean etorriko dira kartak, azalpenekin eta ihoteen historiarekin.

Ihoteak izan dira aurten ohiko moduan ospatu ahal izan diren festa bakarretakoak. Ordutik bederatzi hilabete pasatuta, Abaraxka Udal Ludotekak karta-jolasa aurkeztu du: intxixuak, basandreak, sorginak, ote-gizona, zomorrozinko, suzko akerra, sua, kuestazioa, auzoak eta gainerakoak bildu dituzte bertan. Dixidu estudioak diseinatu ditu kartak, eta Iosu Mitxelena Unsainek ilustratu.

Ludotekatik azaldu dutenez, ez karta jolas soila: “Ilusio, mimo eta maitasunez sortu eta landutako baliabide ederra da. Baliabide diogu, gure herriko ohiturak eta kultura, jolasean, era kolektiboan, euskaraz, hezkidetzan… jaso eta transmititzeko modua delako”. 

56 kartako sorta ez da bakarrik etorriko. Kutxa “eder” baten barruan eskura daitezke, eta Oiartzungo Ihotik jolasean aritzeko argibideak ematen dituen oharra dauka. Horrez gain, liburuxka bat dakar, ihoteen historia azaltzen duena.

Modu horretan, urte osoan gozatu ahal izango da ihoteekin. Hamabost euroren truke salduko dute, herriko hainbat txokotan. Hona zerrenda:

  • Abaraxka Ludoteka.
  • Dixidu diseinu grafikoa.
  • Elizalde Herri Eskola.
  • Haurtzaro Ikastola.
  • Ehuntze espazioa.
  • Intxixu AEK euskaltegia.
  • Labore Oarso.
  • Oiartzun Irratia.
  • Txispum aretoa (Hondarribia).

Larunbatean, aurkezpena

Etzi arratsaldean karta jolasa aurkeztuko dute ludotekan bertan. 16:30ean hasiko da ekitaldia.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.