Gaur izango da irakurraldi jarraituan izena emateko azkeneko eguna
Hitzen Lihoa dinamikaren barruan, 'Gutiziak' liburuaren irakurraldi jarraitua egingo dute. Egiletza kolektiboa dauka.
Iaz antolatu zuten irakurraldia lehenengo aldiz. Hitzen Lihoa abenduan egingo dute, eta prestatutako egitarauaren barruan, irakurraldi jarraitua prestatu dute. Abenduaren 13an egingo dute —igande—, udaletxeko pleno aretoan. 11:00etan hasiko da ekitaldia.
Iaz egin zuten estreinakoz, Arantxa Urretabizkaiaren Zergatik, panpox? liburuarekin. Emakume sortzaileak izan ziren iazko Hitzen Lihoako protagonista, eta izan zuen erantzunarekin eta emaitzarekin gustura geratu ziren antolatzaileak. Aurten egiletza kolektiboko sormena izango da. Horregatik, Gutiziak (Txalaparta, 2000) irakurriko dute. Hainbat emakume idazleren ekarpenarekin osatu zuten liburua.
Gaur izango da izena emateko azkeneko eguna. Horretarako, e-posta bidez idatzi beharko dute, parte hartu nahi dutela adieraziz. Hitzen Lihoako kideek erantzungo diote liburuaren zein zati irakurri beharko duen publikoki.
