Emakume Abertzaleon Topaketak aurkeztuko dituzte larunbatean
Hilaren 12an egingo dituzte Euskal Herriko topaketak, Errenteria-Oreretan. Oiartzungo Feministen Asanbladak herrian aurkeztuko du.
Hilaren 12an Emakume Abertzaleon VIII. Topaketa Feministak egingo dituzte Errenteria-Oreretan, Euskal Herriko Bilgune Feministak. Araka ditzagun gure bazterrak lanbroak ezkutatzen dizkigunean lelopean hainbat jarduera antolatu dituzte hilaren 12rako.
Topaketa horiek prozesu baten bukaera eta inflexio puntua izango direla iragarri zuen Bilgune Feministak, horien aurkezpena egitean. Aurtengo jardunaldian, zehazki, migrazio prozesuek zein errefuxiatuen krisiak sortutako erronka berriak izango dituzte aztergai. “Gure baitan iraunarazten den arrazakeria instituzionala eta eta soziala eraistea premiazkoa da”, esan dute.
Oiartzunen aurkezpen tailerra egingo dute, herriko mugimendu feministak antolatuta. Datorren larunbatean —hilak 5— izango da, Elorsoro kiroldegiko bilera gelan. 11:00etan hasiko da tailer hori, eta bi ordu inguru iraungo dituela jakinarazi dute.