Herriko produktuak, etxean, euro truke eta era iraunkorrean
'nikErrenterian' erakusleiho digitalaren banaketa sistema aurkeztu dute gaur goizean. Bezeroari euro batengatik helaraziko dizkiote produktuak, bizikletan.
Errenkoalde Errenteriako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak Errenteriako Udalaren babespean martxan jarritako ‘nikErrenterian’ proiektuaren banaketa zerbitzua aurkeztu dute gaur goizean.
Maika Martin Heras Errenkoaldeko presidenteak azaldu du erakusleiho digitalaren intentzioa bertako merkataritza guneetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuei ikusgarritasuna eman eta promozionatzea dela: “Hau jaio da asoziazioan egindako hausnarketa batetik, behar berrietara egokitzeko eta bizilagunek behar dutenari erantzun egokia eman ahal izateko”.
Herriko gazteei aipamen berezia egin die Martinek, Errenkoaldek egindako ikerketek erakutsi baitie kontsumitzaile mota hori dela urrutien gelditzen zaiena: “Gazteak dira eskapu egiten digutenak, hemendik kanpora atera ohi direlako edo internetetik erosteko ohitura dutelako”.
Banaketa sistema
Ekarteko arduradunak argi utzi du proiektuaren oinarrietako bat banaketa sistema iraunkorra sustatzea izan dela hasieratik. Ildo horretan, hautatutako ibilgailua diseinatu dute herriko txoko guztietara helarazi ahal izateko eskariak, ingurumena kutsatu gabe.
Egitasmorako ibilgailu bakarra ahalbidetu dute oraingoz, eta banaketa ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera, 18:30etik 20:30era. Dena den, zerbitzu hori atzematen diren beharren baitan egokituz joango da.
Banaketaren koordinazioa Ikertalde enpresak kudeatuko du hasiera batean (proiektuaren laguntzaile izan dira horiek), baina etorkizunean Errenkoaldek koordina dezan da asmoa. Horrez gain, antolakuntzak aurreikusi du zerbitzuak harrera ona baldin badauka pertsona bat kontratatzea zalantzak argitzeko eta, orobat, merkatari nahiz bezeroentzat erreferente izan dadin.
Hasiera batean iniziatiba honek barne hartu ditu Errenkoaldeko kide diren establezimenduak, baina ideia da Errenteria-Oreretako gainontzekoei ere zabaltzea aukera. Zabalkuntza lan horretan dagoeneko hasiak dira. Zerbitzuengatiko kostua berdina izango da bazkide direnentzat nahiz ez direnentzat, eta gero kopuru hori kasu bakoitzari egokitzea da asmoa, tarifa bereziak sortuz.
Prezioa
Etxera eramateko zerbitzuagatik bezeroak euro bateko gaingastua ordaindu beharko du, eta beste euro batekoa establezimenduak. Errenkoaldeko presidenteak adierazi du hasieran prezio hori “sinbolikoa” izango dela, iniziatiba jendartean nola hedatzen den aztertzeko.
Aizpea Otaegi alkateak adierazi du merkataritza herriarentzako sektore estrategikoa dela, “tokiko ekonomia indartsu bat indartzeko eta baita herri bizigarri bat edukitzeko”. Ildo horretan, eskerrak eman nahi izan dizkie Errenkoaldeko kideei iniziatiba martxan jartzeagatik, eta udalaren guztizko babesa adierazi nahi izan die.
“Merkataritza geroz eta hobea izan dadin nahi dugu, gero eta zerbitzu gehiago eskainiz, gure herrikideek eta datozenek ere erosketa esperientzia ahalik eta onena eduki dezaten”. Otaegik iritzi du zerbitzu berriak behar ezberdinei erantzun ahal diela, interneteko erakusleihoa uztartuz establezimenduan bertan erosiz etxera eramateko zerbitzuarekin.
Ohiturak sortzean jarri du alkateak fokua: “Lehen hiru hilabeteetako kostua finantzatuko dugu udal gisa, hain zuzen nahi dugulako ahalik eta zabalkunde handiena izatea zerbitzuak”, eta aldi berean, erraztasunak jarri nahi dizkietelako bizilagunei zerbitzua merkatuz, “probatzera anima daitezen eta ohitura horiek sustatzeko”.