Hitzen Lihoak aurrera egingo du asteburuan
Mahai-ingurua, antzerkia, ibilbide gidatua eta irakurketa jarraia izango dira asteburuan. Bestalde, Xabier Lete omentzeko kontzertua dago igandean.
Hitzen Lihoaren barruko ekitaldi gehiago egingo dituzte asteburuan. Joan den larunbatean egindako Xabier Leteren ibilbide biografikoa errepikatu dute gaur goizean, eta atzo, berriz, Oiartzungo Hizteria kolektiboa-ren — bertakoa da albiste honetako irudia— aurkezpena egin zuten. Aldi berean, udaletxean jarrita dagoen erakusketa haurren Hizteria kolektiboa-rena da.
Beraz, jarraian, datozen ekitaldiak:
- Gaur. 19:00etan, udaletxean, Gaur zen atzo mahai-ingurua udaletxeko pleno aretoan. Ainara Lasak gidatuko du, eta OKELA Sormen Laborategiko, Tractora Koop-eko eta Itzal Aktiboak taldeko kideek parte hartuko dute.
- Bihar, larunbata. 19:00etan, Txolarte antzerki performancea San Esteban elizan, Metrokoadrokaren eskutik.
- Etzi, igandea. Gutiziak lanaren irakurketa kolektiboari ekingo diote 11:00etan, udaletxean.
- Hilaren 14 eta 15ean. Xabier Leten barrena ibilbide biografikoa ikasleentzat, Elizalden.
Bestalde, etzi (igandea), Elorsoro kiroldegiak Loreak eta zauriak ikuskizuna hartuko du 18:00etan hasita. Xabier Leteri omenaldia da musika ikuskizuna. Urrats paperdendan daude sarrerak salgai, 10 euroan. Bertan Beñat Gaztelumendik bertsoak eta testuak jarriko ditu, Xabier San Sebastianek ahotsa eta gitarra, Joserra Senperenak pianoa joko du, eta Quico Puguesek biolontxeloa.