Mendebaldeko Saharari elkartasun keinua
udaletxeko balkoian Saharako bandera zintzilikatu dute gaur arratsaldean Aizpea Otaegi alkateak, M. Liman Mohamed Ali eta Mouna Beshni Errenterian bizi den sahararrak.
Mendebaldeko Saharari elkartasun keinua egin dio gaur Errenteriako Udalak. Horren adierazle, udaletxeko balkoian Saharako bandera zintzilikatu dute gaur arratsaldean Aizpea Otaegi alkateak, M. Liman Mohamed Ali Euskadiren Saharako Ordezkaritzaren delegatuak, eta Mouna Beshni Errenterian bizi den sahararrak. Harrera instituzionala egin dio udalak, gainera, Mohamed Aliri eta berekin batera heldu den sahararren ordezkaritzari, eta aho batez onartu dute ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek Mendebaldeko Sahararen aldeko adierazpen instituzionala.
Elkartasuna eta babesa adierazi dio bertan Errenteriako Udalak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoari, Fronte Polisarioari, Saharar guztiei eta modu berezian Euskal Herrian eta Errenterian bizi den Saharar komunitateari. Saharako herriak autodeterminaziorako duen eskubidea berretsi du, halaber, eta Saharako herriaren egoera salatu eta elkartasuna adierazteko deitzen diren elkarretaratzeekin bat egin du.
Alkateak irakurri du adierazpena, eta ondoren Mohamed Alik hartu du hitza. Gogor salatu du MINURSO zein nazio Batuen Erakundeak ez dutela ezer egin Marokok su etena urratu zuenetik, “gaur gaurkoz ez da gaitzespenik heldu, bake prozesuaren urraketa nabarmena egin badu ere Marokok”.
29 urtez su etena mantendu bada, Saharako herriaren bakearen aldeko apustu irmoari esker izan dela gehitu du, “balioan jarri ordez apustu hori, ahultasun zeinu gisa hartu dute, eta Saharak ezin du ulertu Marokok nahi duena egiteko duen baimena; sahararroi ezin zaigu gehiago eskatu. Mendebaldeko herrialdeei, eta Espainiako Estatuari batez ere dagokie egoera birbideratzea, diplomazia proaktiboaren alde egitea zentzuz, Saharak aukera izan dezan bere etorkizuna erabakitzeko. Hori eskatzen dugu, hautetsontziekin Marokoarrak izan nahi dugun edo beste zerbait izan nahi dugun erabakitzeko aukera izatea, eta emaitza errespetatzea”.
Saharako ordezkaritzak eskerrak eman dizkio halaber, Errenteriako Udalari, iaz bi ibilgailu eman zizkielako. Garabidun furgoneta, babes ofizialeko beste furgoneta bat eta bi moto izan ziren emandakoak eta furgoneta minen biktima izan diren pertsonak artatzen dituen ospitalera bideratu dutela jakinarazi dute, eta garabi furgoneta, berriz, matxuratzen diren anbulantzien konponketarako baliatzen dutela. Eskerrak eman dizkiete udalbatza osatzen duten ordezkari guztiei.