Ehuntze espazioak sortzaileen lana erakutsiko du datorren astean
Urtero bezala, ate irekien jardunaldiak egingo dituzte sormen espazioan. Hainbat diseinatzaileren lanak aurki daitezke, baita beste mota bateko sorkuntzak ere.
Arropak, liburuak eta beste hainbat lan aurkitu ahal izango dira. Urte bukaera iristen den aldiro bezala, Ehuntze sormen espazioak ate irekien jardunaldiak egingo ditu. Aurtengoan, hilaren 21etik 24ra izango dira, eta bertan hainbat artistaren sorkuntzak ikusteko eta erosteko aukera egongo da. Beraz, Gabonetan opariak egiteko aukera ona izan daitezke bertako sortzaileen lanak.
Sortzaileen zerrenda luzea da: Lu Emem kortsegileak; Belen Morenoren artelanak; Marodiren arropak; Lore Gorriren tote bag eta konpresak; Xare Sorkuntzak-en poltsa, nezeser eta turbanteak; Oiartzungo Ihotik karta jokoa; Ganbila saileko zein EHAZEren antzerki liburuak…
Goizetan 11:00etatik 13:30era bitartean egongo da irekita, eta arratsaldez 16:30etik 20:00etara. Hilaren 24ko arratsaldean itxita egongo da.
Aurten egoitza berria estreinatu du Ehuntzek, Beheko Plazan.
