Hondakinak ateratzeko ordutegia luzeagoa izango da Gabonetako jai bezperatan
Hondakinen bilketa zerbitzuaren ordutegian aldaketak egingo dituzte. Bilketa goizean egingo dute egun horietan.
Hilaren 24an eta 31n aldaketak egongo dira hondakinen bilketa ordutegian. Hondakinen bilketa goizez egingo dutela jakinarazi du Oiartzungo Udalak. Horregatik, ontzi arinak ateratzeko ordutegia goizeko 06:00ak arte luzatuko dela jakinarazi dute.
Gomendioak
Ordutegi aldaketaren berri emateaz gain, hondakin gutxiago sortzeko aholkuak eman ditu udalak, Gabonetako egunetan ohi baino gehiago sortzen baita. Batez ere data seinalatu horietan egin ohi diren otorduengatik gertatzen da hori; janari soberakin asko sortzen dira.
“Hori dela eta”, zehaztu du udalak, “ahalik eta hondakin gutxien sortzeko eta botatzeko zenbait gomendio eman nahi ditugu: beharrezkoa bakarrik erostea; erosketa zerrenda prestatzea; otorduetan sobratzen den janaria tuperretan jasotzea; bestelako janariak egiteko aprobetxatzea…”.