OKEko taldeek urteko azkeneko partidak jokatuko dituzte
Realaren bigarren taldearen bisita jasoko du talde nagusiak, bihar. Oiartzun B, berriz, Barakaldora joango da etzi.
Oiartzun Kirol Taldeko bi taldeek datorren asteburuan jokatuko dituzte 2020 arraro honetako azkeneko bi norgehiagokak.
Talde nagusia —Emakumeen Lehen Nazional Mailan aritzen dena— izango da lehenengoa. Bihar jokatuko dute, Karla Lekuona, 16:30ean hasita. Ohikoa izaten ari den bezala, Twitch bidez egingo dute partidaren emanaldia.
Realaren bisita jasoko dute. Talde oso indartsua da txuriurdina; orain arteko sei partidak irabazi dituzte. Nagusitasun hori golen balantzean ere islatzen da: hogei gol sartu dituzte eta bakarra jaso dute.
Euskal Ligako taldeak, berriz, Ibaizabal ibaiaren ezkerreko aldean jokatuko du, etzi. Barakaldoko La Siebe futbol zelaian arituko dira, 12:00etan hasita. Sailkapenaren beheko aldean daude bi taldeak: oiartzuarrak zortzigarren dira, hiru punturekin; barakaldarrak azkenak dira, puntu bakarrarekin.