Karlos Saldiseri omenaldia, ostiralean
20:00etan hasiko den enkarteladaren ondotik egingo diote aitortza duela 41 urte indar parapolizial faxistek hil zuten lezoarrari.
Ostiralean (hilak 15) Karlos Saldise Korta omenduko dute Lezon. 41 urte beteko dira larunbatean indar parapolizial faxistek Donibanen jaiotako lezoarra hil zutenetik, tiroz. Ez zen ikerketarik egin inoiz ere, ez da errudunik.
20:00etan enkartelakada egingo dute Gurutze Santuaren plazatik, eta hori bukatzean, Karlos Saldise plazan egingo dute aitortza ekitaldia.
Iaz, Saldiseren hilketaren 40. urteurrenaren harira, herri batzordea sortu zuten Lezon eta hainbat ekitaldi antolatu zituzten. “Bizi balitz, gaur gure ondoan izango zen egungo borroketan buru-belarri: naturaren alde; euskararen alde; emakumeen eskubideen alde; pentsio duinen alde; jendarteko sektore ahulenak babesten; preso, errefuxiatu eta euren senideei elkartasuna ematen; eta etorkizuneko Euskal Herri aske baten aldeko borrokan murgildurik”. Esaldi horrekin laburbildu zuten batzordekideek Saldise zer eta nor zen, nahiz haren hilketak utzi zuen hutsunea.