EIA hirukotea gonbidatu du Soinueneak, hilaren 23rako
Kontzertu didaktikoa emango du hirukote euskal-gaztelarrak. Bihar arratsaldean 'Irasko' dokumentala proiektatuko dute Nafarroako Filmotekan.
Soinuenea Fundazioak ekitaldi bana antolatu ditu biharko eta datorren astebururako. Biharkoa Iruñean izango da, Nafarroako Filmotekan. 19:00etatik aurrera, Irasko. Maya-Aguirre, artzaintza mende bat Faltzesen dokumentala eskainiko dute. Javi Martinez Faltzeseko artzainari buruzko ikus-entzunezko material ugari pilatuta zegoen, eta Juan Mari Beltranek dokumentala osatu zuen.
Bertan, Maya-Agirre familietako kideek 100 urtetan artzaintzaren inguruan izan duten bilakaera bildu da: transhumantziak Andiara, Bardeetara eta Ekizara; bildotsen jaiotzak; ardien markaketa; artaldearen hotsak; eta artzainen eskulanak.
Kontzertu didaktikoa, Oiartzunen
Datorren asterako, berriz, kontzertu didaktikoa antolatu dute. Kasu horretan, Oiartzunen izango da ekitaldia. EIA hirukote euskal-gaztelarrak emango du.
Estherrek, Isabelek eta Itziarrek Gaztelako eta Euskal Herriko doinuak eramango dituzte udaletxeko pleno aretora, hilaren 23an —larunbata—, 11:30ean hasita. Hainbat instrumentu jotzen erakutsiko dute: pandero ezberdinak, koilarak, kontxak, bost sokako biolina, gitarra, alboka, zarrabetea…
Gehienezko edukiera 30 pertsonakoa izango da, eta aldez aurretik izena eman beharko da. 645 00 54 96 telefono zenbakira deitu beharko da horretarako.