[Erreportajea] Oztopoz beteriko bidean, bulebarra jomuga izanik
Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformako kideek uste dute barrutian pasealeku berria sortzeko planteamendua ez babestea hautu politikoa izan litekeela. Ez dute etsiko; astero bilduko dira Gure Zumardian.
Joan den larunbatean herri batzarra egin zuen Pasai Antxoko Tren Berriaren Plataformak bizilagunekin, 2019ko irailetik egunera arte emandako pausoen berri emateko, eta Antxoko tren geltokian izango diren obrekin herrian bulebarra sortzeko planaren egoera azaltzeko.
Plataformako kide den Eduardo Perezek iritzi du udal gobernua jolas anbiguo batean murgildu izan dela proposamena publikoki aurkeztu zutenetik: «Hasieran babestu zuten, baina denborarekin argi gelditu da Adifen proiektua lehenetsi dutela». Bidea zaildu diela uste du.
Antza denez, finantzaketa arazoa izan liteke tren geltokiko obren planteamenduaren barne bulebarraren sorrera ez hartzearen arrazoia. Horri irtenbideak bilatzeko bildu ziren kideak atzo Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraioko sailburuorde Pedro Marcorekin.
Lan guztiaren emaitza zein izango den ez daki Perezek, baina gauza bat argi dauka: «Nik ez dut ez zuri ez beltz ikusten etorkizuna. Bai, ordea, nekeza». Bien bitartean, herri presioari ekingo diote, ostiralero 19:00etan Gure Zumardian bilduz.
PSE-EEren partaidetza nabarmendu du Perezek. Pasaiako udal gobernuan daude, baita aldundiko eta Jaurlaritzako lurralde plangintza departamentuetan, nahiz Adifen zuzendaritzan ere. «Dena dute alde, baina proposamenari kasu egiteak herriarekin esertzea eskatzen du, eta errazagoa da Adifen proiektua bi urteetan amaitzea, alderdiak domina zintzilikatzeko agintaldi honetan».