"Antxo duin bihurtzeko" lehen bilkura egin dute Gure Zumardian
Antxotarrek bat egin dute Tren Geltoki Berriaren Plataformarekin, herri proiektuak barrutiko bizi kalitatea eta ekonomia hobe ditzakeelakoan.
Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak presio sozialari ekin zion atzo, Gure Zumardian 19:00etan egindako lehen bilkurarekin. Asmoa da elkarretaratzeak ostiralero errepikatzea -hileroko azken ostiralean izan ezik-, hala, instituzioek euren proposamena aintzakotzat hartu eta Adifeko geltokian obra berriak gauzatzearekin batera, barrutian bulebar bat sortzeko aukera azter dezaten.
Plataformako kide den Florencio Morok hartu zuen atzo hitza, elkartutakoei “zoritxarreko” egoeraren berri emateko: “Eman diguten informazioa kontraesankorra da, geroz eta gehiago ari dira gaia korapilatzen”. Horren aurrean, antxotarrek erabaki dute testigua hartzeko ordua dela eta horretarako bilduko dira astero herriko plazan proiektua defendatzeko xedez.
Morok gogora ekarri zuen euren proposamenak barrutiko sektore askotan izango lukeela eragina, ez soilik hirigintzan: “Ez badugu atsegingarri egiten jendea herrira etortzea, okerrera egingo dugu, komertzioak ez du burua altxako”.
Eduardo Perezek eman zion amaiera mintzaldiari, agintariei dei eginez elkarrekin eser daitezen euren proposamena aztertu eta gauzatu ahal izateko. Bien bitartean, nabarmendu nahi izan zuen Plataformak lanean jarraituko duela, sinetsita baitaude proiektuak bizilagunen bizi kalitatea bereziki hobetu lezakeela: “Antxo duin egiteko modua izan liteke”.