Ehunka lezoarrek omenaldia egin diote Karlos Saldiseri
"Bi tiro eman zizkioten Karlosi gau hotz hartan, eta oraindik ere hotzago bilakatu zen herri zigortu hau". 41 urte bete dira.
Duela 41 urte indar parapolizial faxistek tiroz eraildako Karlos Saldiseri omenaldia egin zioten atzo 20:00etan haren izena daraman plazan. Donibanen jaiotako lezoarraren hilketaren gaineko ikerketarik ez zen izan inoiz, eta injustizia hura gogoan dute bizilagunek: “Ez dute sekula egindakoagatik ordaindu eta bitartekariak sarituak eta kondekoratuak izan dira”.
Elkarretaratzean Saldiseri aitortza egin zioten barren-barrenetik, haren izana eta borroka gogora ekarriz: “Karlos koherentzia zen. Guk aurrera eramaten ditugun borroka guzti horien borrokak gorpuzten zituen. Horregatik, guk, bakoitzak bere esparruan, bakoitzak bere borrokak aurrera eramaten ditugunean, Karlosen borrokak gauzatzen ditugu. Karlos gara”.
Ahotan hartu zuten 1980ko hamarkadan ere tiroz paraplegiko utzitako Victor Fernandez Otxoa lezoarra -40 urte beteko dira hilabete barru eraso hartatik-. Baita berriki Ganten atxilotutako Jaione Jauregi -39 urte erbestean eman ondoren Madrilen giltzapetu dute-, eta Jose Lorenzo Aiestaran ere -Villenako espetxean (Alacant) da orain, hamarkadatan erbestean bizi ondoren-.