Asteburu biribila izan da Oiartzun KEko bi taldeentzat
Lehen taldeak Gasteizen irabazi du, Maria Granadoren gol bati esker. Bigarren taldea Karla Lekuonan nagusitu da, Amaia Agirreren gol parearekin.
Lehian ari diren Oiartzun Kirol Elkarteko bi taldeek garaipena lortu dute asteburuan. Lehen taldeak Gasteizen jokatu zuen atzo eguerdian, Aurreraren kontra.
Etxekoak sendoago atera ziren Olaranbeko soropilera. Baloiaren jabetza arabarrek izan zuten. Jokoaren nagusitasunak kolore gorria izan arren, markagailuko zenbakiak mugitu gabe iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, oiartzuarrek beren jokoa hobetu zuten, eta indarrak orekatu ziren. Oreka horren emaitza logikoena puntu banaketa izan zitekeen, baina Maria Granado ez zegoen ados horrekin. Gola sartu zuten partida bukatzeko bost minutu falta zirela, baina ez zen ezertarako astirik egon.
Atzoko garaipenarekin, gasteiztarrekiko aldea lau puntura handitu dute oiartzuarrek. Datorren asteburuan ez dute partidarik jokatuko, eta lasaiago iritsiko dira atsedenaldira. Golen arteko balantzea zeron jarri zuten oiartzuarrek.
Euskal Ligako taldeari dagokionez, larunbatean Karla Lekuonan jokatu zuten. Sestao Riverren bisita jaso zuten oiartzuarrek. Talde urdina zein berde eta beltza berdinduta zeuden sailkapenean, sei punturekin, eta Amaia Agirreren bi golek oiartzuarrak koska bat igotzea ahalbideratu zuen (2-1 bukatu zen partida). Kuriositatez, lehen taldeak bezala, bigarrenak ados jarri du golen arteko balantzea.