COVID-19aren eragina jasan duten ostalariek diru laguntzak eska ditzakete
Udalak emango duen bigarren diru laguntza izango da, 800 eta 1.350 euro artekoa. Hilaren 22a izango da eskaera aurkezteko azken eguna.
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, COVID-19ak eragindako txikizkako ostalaritza enpresek diru laguntzak eska ditzakete. Diru laguntzak emango dituen bigarren deialdia da, eta eskaerak egiteko azkeneko eguna datorren ostirala izango da, hilak 22.
Dekretu bidez establezimenduen itxiera edo ordutegi murrizketak jasan dituztenek eska ditzakete laguntzak. Guztira 50.000 euro bideratuko ditu udalak, eta eskaerak bi modutara egin daitezke: udaletxeko harreran, edo udalaren harrera elektronikoaren bitartez.
Diru laguntza jasotzeko aukera izango dute udalerrian bezeroentzako irekita dauden sukaldaritza, ostalaritza eta ostatu establezimenduek. Herrigunean, auzoetan, industriaguneetan edo merkataritza zentroetan egon daitezke establezimenduak. 2020ko azaroan fakturazioa %50 edo gehiago murriztu zaiela ziurtatu beharko dutela adierazi du udalak.
Establezimendu bakoitzak 800 eta 1.350 euro arteko diru laguntza jaso dezake. Udalak lagunduko diren kontzeptuak COVID19arengatik egin beharreko moldaketa gastuak, inbertsioak eta ekipamenduak; mailegu eta errentamendu gastuak, eta langileria gastuak izango dira.
Informazio gehiago nahi duenak 943 49 01 42 telefono zenbakira deitu dezake, 08:00etatik 14:00etara. E-posta bidez ere jar daitezke harremanetan.