Udalerri guztiak itxita astelehenetik
Labi batzordearen bileran, pertsonen arteko bilerak lau lagunetara mugatzea ere onartu dute. Astelehenean jarriko dira indarrean neurri berriak.
[BERRIAtik hartutako informazioa]
Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoa (Labi) bildu da gaur eguerdian, eta Eusko Jaurlaritzak neurri zorrotzagoak iragarri ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Koronabirusaren zabaltzea saihesteko neurri nagusien artean, «udalerri guztien itxiera perimetrala» ezartzea erabaki du, eta pertsonen arteko bilerak, eremu irekietan eta itxietan, gehienez lau kidetara mugatzea —bizikidetza unitate bereko lagunak dira salbuespena—. Dekretua bihar argitaratuko dute, eta neurri berriak astelehenean sartuko dira indarrean. Neurri horiek bat egiten dute Jaurlaritzak asteazkenean Espainiako Osasun Ministerioari eta gainerako erkidegoei adierazitakoekin.
Pasaia jada eremu gorrian dago, beraz, gaur hartutako erabakiek ez dute aparteko aldaketarik eragingo udalerri horretan. Errenteria-Oreretan, Lezon eta Oiartzunen bai izango dutela eragina erabaki berriek.
Establezimenduen itxiera ordua 19:00etara aurreratzeko aukera, berriz, atzera bota dute. Jaurlaritzaren iritziz, neurri hori etxeratze ordua 20:00etara aurreratzearekin lotua dago. Azken neurri horrek, ordea, 926/2020 Errege Dekretuaren egokitzapen bat eskatuko luke, eta Espainiako Osasun ministro Salvador Illa halako aldaketak egitearen aurka agertu da. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren esanetan, «akats bat» da Madrilen jokabidea, eta kasuen hazkundeari aurre egiteko aukera bat «galdu» da: «Gaueko jarduera mugatzeko ordutegia aurreratzeko aukerarik ez izateak esku hartzeko gaitasuna murrizten digu». Gauzak hala, establezimenduek 20:00etara arte irekita egoteko aukera izango dute, eta etxeratze agindua 22:00etan mantenduko da.
Hamalau egunetan 100.000 biztanleko 500 kasuen langa gainditzen duten 5.000 biztanletik gorako herrietan, berriz, ostalaritza establezimenduen itxiera mantenduko dute; hoteletako jantokiak, bezeroentzako ostatuak, gasolindegiak eta zerbitzuguneetako jantokiak dira salbuespena. Era berean, herri eta hiri horietan, taldeko kirola bertan behera geratuko da, profesionalen eta erdi-profesionalen kasuan izan ezik.
Gaur emandako datuen arabera, eremu gorrian sartu da hiru lurraldeetako batez bestekoa, Gipuzkoa eta Araba 500eko langatik behera dauden arren. Hala, erkidegoa «ziurgabetasun handiko» egoera batean dagoela uste du Jaurlaritzak, eta bilakaera epidemiologikoa «oso kezkagarria» dela: «Goranzko joera dagoela berretsi da, oraindik luzatu daitekeena».