[Erreportajea] Motxilaren zama handitzean
COVID-19aren etorrerak egoera okerrera eraman du, eta motxiladun haurrak hilabeteak egon dira maite dituztenak ikusi eta ukitu gabe.
Inork jokatu nahi ez duen loteria ankerrean ezagutu zuten elkar: dispertsioaren loterian. Nieves Diaz irundarrak eta Oihana Muxika oiartzuarrak euskal herritarren halabeharrezko geografia eskoletan ikasitako toponimoak izan dituzte hizpide elkartu bezain pronto: Fresnes, Fleury-Merogis…
Segidan, Diazek Muxikari galderak egin dizkio seme-alaben izenei buruz, «alabak gero galdetuko baitit». «Xuhar eta Hize» erantzun dio Muxikak. Lur da Nieves Diazen biloba. Ezaugarri bera partekatzen dute: haur motxiladunak dira. Oiartzuarrek aita —Joanes Larretxea— espetxean dute, eta Lurrek ama —Iratxe Sorzabal—. Eta aita. Ez dira Oarso Bidasoko bakarrak.
Kartzelarena txikitatik ezagutu duten errealitatea da, «betidanik» bizi izan dute. Muxikak azaldu duenez, Xuhar lau urte eta erdi inguru zituenean hasi zen galderak egiten —egun zazpi ditu—. Hizeren kasua ezberdina da; urtebete bete zuen azaroan, eta aita lau aldiz besterik ez du ikusi.
Lurrek 11 urte ditu, eta 77 urteko amonarekin bizi da. Diazek adierazi duenez, bilobak ikusten du bere egoera ez dela «naturala», baina argi utzi du Lurrek ez dituela gurasoak errefusatzen.
Badu beste sentimendu bat: «Ez du esan nahi gurasoak espetxean dituela, nahiz eta mundu guztiak dakien. Berak pentsatzen du ez dakiela inork, eta ez du nahi inork bere egoeraren berri jakitea».
Erantsi duenez, saiatzen da azaltzen bere egoera, eta kasuistika ezberdinen berri ematen dio: adopzioak, banandu diren gurasoak… «Baina bananduta daudenek beti dute aita edo ama etxean».
«Erabaki genuen ez ginela joango Herreraraino aita kristal baten atzean ikusteko». Oihana Muxika. Bi haur motxiladunen ama.
Irundik 800 kilometrora egon arren, Diazek ziurtatu du Lurrek lotura handia du amarekin. «Txundigarria da. Egungo espetxetik egunero dei diezaioke —dirua badu—, eta Lurrek ez du telefonoa askatzen; amak etxeko lanak egiten ere laguntzen dio».
Espetxe bakoitzak bere araudi eta baldintzak ditu, eta Reaukoan etxetxo esaten dioten guneak dituzte: apartamendu modukoak dira, eta 24 edo 48 ordu egon daiteke amarekin. «Zoragarria da ama zein alabarentzako. Pasatzen dituen orduak amari itsatsita pasatzen ditu: dutxan, sukaldean, lo egiten… Ama naizen aldetik, esaten dut oso ona dela hori».
Haur motxiladun irundarra zorrotza da gauza batekin: ez du eskola ordurik galdu nahi.
Aita Lannemezanen du, eta egunean bertan egin dezakete joan-etorria. «Natural ikusten du eskola egun bat gaixotasunagatik galtzea, baina ez ama bisitatzeagatik. Nahi hori errespetatzen diogu; lehena, bere amak», gaineratu du Diazek.
Muxikaren esanetan, bisitek eguneroko bizitzan eragin handia dute. Euren kasuan, hainbat bisita astegunetan egin behar izan dituzte. Haurrak hazi ahala, astunagoa bihurtzen da. «Txikiagoa zenean, Xuharri ez zitzaion inporta ikastola egun bat galtzea. Urteetan aurrera egin ahala hasten dira lagunekin planak egiten».
Horregatik —jarraitu du— urtebetetze festa bat edo musika ikuskizun bat galdu behar dute haurrek aita edo ama ikusteko, ehunka kilometrora baitaude. Bidai luze horiek badute berea ere. Irundarrak hegazkinez joaten dira Parisera, baina gero garraio publikoko lineak kateatu behar dituzte espetxera iristeko. «Garraio publikoa oso zikina da Frantzian…», esan du Diazek.
Bisita eguna baino lehenago hasten dira kezka eta ardurak. Muxikak gogorarazi duenez, Xuhar bi urte eta erdi inguru zituenean esaten hasi zen «nik aitatxo bai, kotxea ez». Helduontzako faktura fisiko eta ekonomikoa dena, haurrentzako asperdura, nekea eta beste hainbat oztopo bilakatzen da hainbeste ordutan.
Gehitu duenez, bikotekideak eta berak guraso izatea erabaki zuten, nahiz eta bazekiten bat espetxe barruan egongo zela, eta bestea, kanpoan. «Kartzelak asko baldintzatzen zaitu, eta iristen da momentu bat erabaki behar duzuna: edo nahi dudan pertsonarekin ama izatea baldintzatuko du kartzelak berriro, edo uko egingo diogu gurasotasunari. Erabaki nuen aurrera egitea».
Diazek, bere aldetik, argi utzi du ez duela ohiko amonaren jarrera: «Ez dut tarte batez ikusten, gauza pila bat erosi eta hurrengo bat arte. Ama batek bezala jokatu behar dut, baina ama izan gabe. Seme-alabekin jokatzen nuen moduan jokatu behar dut, eta saiatzen naiz eguneratuta egoten».
77 urte izanik, eguneratuta egotearen gaian indarra jarri du, haurrak ez baitira berdin hezten orain eta bera ama izan zenean. Bere alabaren lekuan jartzen da: «Lur espetxetik irteten denean, ez dago ama. Haurrak barruan bederatzi hilabetez eramaten dituzunean, zaila da haurrarekiko pentsamendua aldatzea. Iratxe ama da, eta hala izango da beti; alaba bat izan du ama izateko zuen maitasunarengatik».
Pandemiaren etorrera
Egoera gogorra zena pandemiak are gehiago okertu du. COVID-19a iritsi eta egun batetik bestera desagertu ziren bisitak: otsailetik abendura bitartean, abuztuan bakarrik bisitatu zuten Larretxea. Berdin gertatu zen Sorzabalekin.
Aldaketa izugarria dela zehaztu du Muxikak: «Hize jaio baino lehen, Xuhar hilean bi aldiz egoten zen aitarekin. Pandemiarekin, telefono bidezko harremanera mugatu gara».
Ondoren, aurrez aurrekorik edukitzeko aukerarik ez zuten, eta bisitak kristal batek banatuta egin behar zituzten. «Gure erabakia izan zen ez ginela Herrera de la Mancharaino joango haurrek aita kristal baten atzetik ikusteko. Zaballa edo Martutenera joatea balitz, beno, baina urruntasunak larriagotu egiten du», adierazi du Muxikak. Abenduko bisitan, berriz, bisitak bi pertsonara mugatuta zeudela esan zieten, eta semearekin sartzea erabaki behar izan zuen, alaba kanpoan utzita.
Antzeko zerbait gertatu da Frantziako Estatuan. Bisitak pertsona bakarrera mugatu zituzten, eta Diazek azaldu duenez, ezin zuten haurra bakarrik sartzen utzi. Horrez gain, plastiko bat jarri zuten bisita-aretoaren erdian, eta presoa zein bisitaria gelaren alde banatan jarri behar zuten. «Iratxek esan zigun baldintza horietan haurra ez eramateko: ezin du haurra ukitu, min emango diolako elkarrekin ez egotea, eta haurrak ez du bere ama plastiko baten atzean ikusi nahi».
Mugaren alde batera edo bestera joanda, biak ados daude pandemia egoera baliatuta lehen zituzten bisita eta komunikazio eskubideak erasaten ari direla.
Baina ez hori bakarrik: espetxe barruan bertan murrizketak nabariagoak dira. «Espainiako Estatuan gertatu zena zen moduluak bata bestearengandik isolatu zituztela, eta, ondorioz, moduluen arteko jarduerak bertan behera geratu dira».
«Bi legedia daude Espainian: euskal herritarrei jartzen zaiena, eta gainontzekoena».
Frantziako Estatuan, espetxe kanpotik doazen boluntarioek erabaki zuten jarduerak etetea, kutsatzeko beldurragatik. Etxeratze-aginduak ere asko baldintzatu du. Diaz: «18:00etatik aurrera ezin baduzu kalean egon, espetxetik atera eta zer egin behar duzu? Gabonetan lagun bat joan zen Iratxe bisitatzera, gaua hotelean pasatu behar izan zuen, eta bueltan Irunera 20:00ak baino lehen iritsi. Eskerrak lagun onak dituen».
Orain dela aste batzuk Larretxea Herrera de la Manchatik Asturiaseko espetxera eraman zuten. Sei-zazpi orduko bidaia egin beharrean, laukoa egin behar dute. Bigarren gradura pasatu dute. «Pozik hartu genuen albistea, joan-etorrian lau ordu gutxiago direlako», esan du Muxikak.
Tarteko urrats bat izan behar duela aldarrikatu du: «Denek Euskal Herrian egon behar dute, eta ez dago horretarako aitzakiarik. Epe motz batean, berehala». Gauzak asko aldatuko liratekeela uste du: «Ekonomikoki, bidaietako arriskuak… Bidai batek ez luke oztopatuko eskolara joatea, ez lagunekin dituzten harremanak etetea. Etxetik gertuago egoteak gutxiago baldintzatuko du zure bizitza. Kartzelan egoten jarraituko lukete, hori bai, eta bada momentua hasteko pentsatzen euskal preso eta iheslaririk gabeko herri bat izan dezakegula».
Horretarako baldintzak badaudela uste du, legedia bera aplikatuta: «Zigorraren laurdena beteta baimenak eskatzeko aukera dute, eta egun batzuk pasa ditzakete etxean. Gradu progresioak, hirugarren graduak eta bestelakoak egon behar lirateke».
Sorzabalen kasua bestelakoa da. Bere amak esan du egunetik egunera itxoin behar dutela ea zer datorren. Lurrek 18 urte bete arte «eutsi» nahi dio. Espainiako Estatuan «bi legedia» daudela argi du Diazek: «Bata euskal herritarrentzako eta bestea gainontzekoentzako. Beti dugu zigor handiagoa: presoei ezartzen zaiena eta familiena, presoak gehiago zanpatzeko. Guk jarraituko dugu haien ondoan egoten, harro. Eta kito».
90 ume dira motxiladunak
Abenduaren 26an haur motxiladunen egoeraren berri emateko kalejira egin zuten Martuteneko espetxetik Loiola auzoraino. Egun 90 ume dira guraso bat —edo biak— espetxean dituztenak. Gurasoak besarkatu gabe hilabeteak zeramatzatela salatu zuten.
Hiru aldarrikapen egin zituzten. Lehena, guraso diren presoak euskal herriratzea. Bigarrena, presoei guraso papera jokatzen oztopatzen dien politikarekin bukatzea. Horretarako, tartekako baimenak eta hirugarren graduak eskatu zituzten. Hirugarren eskaera familia moduluei buruzkoa da. Bi preso bizi dira amarekin espetxean, Aranjuezen, eta Euskal Herrian horrelakoak sortzeko eskatu dute.