«Gure klaseetan beti dago ‘nola zaude?’ bat saioak hasi aurretik»
Estresari aurre egiteko helburuz hartu zuen yogaren bidea, eta bere pausoek eskolan zuen lana utzi eta Yoga Pasaia zentroa irekitzera eraman zuten. Osasun fisikoa, mentala eta emozionala lerrokatzen dihardu.
Zer da yoga?
Osasuna; ez bakarrik osasun fisikoa, baizik eta osasun mentala eta baita emozionala ere. Norberak bere burua onartu eta maitatzea.
Zertan lagundu diezaioke norbaiti?
Yoga mota pila daude, badaude yoga oso fisikoak direnak eta horiek egiteko lesiorik gabe egon behar duzu, adibidez. Baina gero badira beste yoga mota batzuk indarberritzaileak izan daitezkeenak, bereziki lesioak dituzten pertsona horiei laguntzeko baliagarri izan daitezkeenak.
Badugu ere, adibidez, haurdun daudenentzako talde berezi bat.
Lehen gauza egin behar dena da yoga apropos bat aukeratu. Horrek gorputzaren edo organismoaren aldetik lagun diezazuke, baina baita mentalki estresa eta emozioak kudeatzeko, lasaitasuna lortzeko, erlaxatzeko…
Gaur egun, gainera, estresa eta antsietatea oso presente daude gure gizartean, baita beldurrak ere.
Nola eta zergatik ekin zenion yogaren bide honi?
Betidanik izan naiz oso kirolaria, eta beti gustatu izan zaizkit kirol gogorrak, baina momentu bat egon zen nire bizitzan estres handikoa, nire koinatak proposatu zidan yoga probatzea, eta hor harrapatu ninduen.
Gero, behin sartuta, ikusi nuen zenbat aukera dauden, ez bakarrik fisikoak, eta murgiltzen joan nintzen gutxika. Berez irakaslea naiz, haur hezkuntza eta lehen hezkuntzakoa, baina yoga praktikatzen jarraitu nuen, eta gehiago ikasi nahi nuenez, irakasle egiteko formazioa egin nuen, hasiera batean nik neuk sakontzeko nire praktikan, eta, batez ere, jakin-mina nuelako. Ikasi nahi nuen.
Horrekin, talde batek esan zidan: ‘Anima zaitez! Emaiguzu klase bat’. Eta hasi nintzen hemen, San Pedron, hobby bezala klaseak ematen gimnastika aretoan. Gero erabaki nuen eskola utzi, eta bide horretan apustu egitea herrian estudio txikia zabaltzeko.
Eta, egia esan, oso ongi! Oso harrera ona izan du. Egia da garai txarra pasatzen ari garela, garai zailak dira… Murrizketa dugu edukieraren aldetik, eta jendea ekonomikoki ez dago lehen bezala, beste batzuek beldurra dute…
Baina beno, ari gara! Lanean ari gara eta poliki-poliki bizirauten.
Zer da Yoga Pasaia beste estudio batzuengandik desberdintzen duena?
Txikia denez, azkenean bilatzen duguna da pertsonalizatzea praktika. Ikasleak etortzen dira eta guk horiekin badugu hartu-eman bat, badakigu zein den beraien egoera bai fisikoa bai emozionala, bakoitzak duen praktika…
Azkenean saiatzen garena da pertsonalizatzen, banan-banan laguntzen. Ez gara estudio handi bat non 25 ikasle batera ari diren, eta irakaslea bere tokitik mugitu gabe egoten den. Hona etortzen zarenean ikasle fitxa betetzen duzu, eta gero gure klaseetan beti dago ‘nola zaude?’ bat saioak hasi aurretik. Saiatzen gara ikaslearen osasuna bilatzen.
Informazio gehiago:
Webgunean.
E-posta bidez.
Telefonoz: 677 86 82 57