Udalak 65 lanpostu sortu ditu, enplegu planik "anbiziodunenean"
2020an martxan jarritako enplegu planetan kontratatutako langileak jardunean ari direla jakinarazi du udalak. Parekidetasuna ahal bezain beste bermatu dute.
Errenteriako Udalak 2020an martxan jarritako enplegu planetan 65 lagun lanean ari direla jakinarazi dute gaur. Horren berri eman dute Aizpea Otaegi alkateak eta Alazne Korta Udal Antolamendu saileko zinegotziak, Fernando Nebreda Oarsoaldea Garapen Agentziako kudeatzaileak lagunduta.
COVID-19ak sortutako egoerak bi erronka sorrarazi ditu arlo sozioekonomikoan, Otaegiren arabera: “Alde batetik, negozioen bideragarritasuna bermatu nahi genuen. Bestetik, enplegua sustatu nahi genuen, ahalik eta langabezia tasarik txikiena izate aldera. Horregatik jarri dugu martxan enplegu plana”.
Hiru hilabete eta urtebete artean lanean arituko diren 65 langile horiek sailkatu ditu Otaegik. Gehienak —49— udalak berak kontratatu ditu, enplegu planen bitartez. Horietako bost gazteei zuzendutako lanpostuak dira.
Beste 11 Oarsoaldea Garapen Agentziaren bitartez kontratatu dira, eta gainontzeko bostak, berriz, hirugarren sektoreko entitateen bidez egin dira. Zehazki, Gurutze Gorria eta Arraztalo elkartea diruz lagundu dituzte kontratazioak egiteko.
Parekidetasunerantz
Udalak egin dituen kontratuetan, 34 langile izan dira hiri mantenuaren alorrean lan egingo dutenak, eta hamabost, berriz, udal bulegoetan. Oarsoaldearen bitartez, bosna ofizial eta peoi kontratatu dituzte, eta arkitekto bat.
Errenteria-Oreretako alkateak adierazi duenez, ahal kontratatuen artean parekidetasuna bermatu nahi izan dute, ahal bezain beste: kontratatutako %40 dira emakumeak.
Alazne Kortak modu positiboan baloratu du zifra hori. Adierazi duenez, inoiz ez dute emakumeen kontratazio hain altua egin, eta horren arrazoia eman du: “Mota honetako enplegu planetan, normalean, hiri mantenua indartzen da, oso maskulinizatuta dauden lanbideekin. 2020koan gehiago dibertsifikatu da: kontratatu ziren lehenengoak garbitzaileak izan ziren, eta sektore horretan emakumeak nagusitzen dira”. Bulegoko langileak ere erantsi behar zaizkio ehuneko horri.
Inoiz baino kontratazio gehiago egon diren urtean, hiri mantenu sailak egindako “esfortzua” nabarmendu du zinegotziak, 34 pertsona batera sartu direlako.
Hiru helburu
Langileen kopuruei errepasoa eman ondoren, Kortak helburuak azaldu ditu. Hiru zerrendatu ditu. Lehena, enplegua bera sustatzea, bai Errenteria-Oreretan bertan zein eskualdean. Bigarrena, lanik ez duten pertsonak lan-merkatura sartzen laguntzea. Hirugarrena —eta azkena—, lan-merkatuan zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna ahalbidetzea.
Berritasun bat izango du enplegu planak: langileei babesa eskainiko diete. Langileei jarraipena egingo diete, dituzten indarguneak eta ahuleziak identifikatu eta hobetzeko. Gainera, Oarsoaldeko teknikariek eurek langileen banakako jarraipena egingo dute, ikasi, ebaluatu eta hobetzeko metodo eraginkor bezala.
Berritasunen hirugarren adarra langileak formatzea izango da. “Enplegagarritasuna hobetu nahi dugu, gaitasun pertsonalak, profesionalak eta sozialak hobetuz”, zehaztu du Kortak.
Nebredak, bere aldetik, Errenteriako Udalaren lana txalotu du. “Ezohiko garai hauetan egin duen esfortzua nabarmena da. Ezagutzen dudan planik anbiziodunena da”, esan du Oarsoaldeko Garapen Agentziako kudeatzaileak.
Enplegagarritasuna hobetzearen aldeko apustua nabarmendu du Nebredak. Alde batetik, lan-merkatutik urrun dauden kolektiboei lanerako aukera ematen zaielako, Arraztalo edo Gurutze Gorria bezalako elkarteen bitartez. Bestetik, lanik ez duten formatutako pertsonei lana eman dielako.
Inbertsioa 1.100.000 eurokoa izan da. Lanbidek horren % 76,45 finantzatu du; alegia, 841.000 euro. Udalak, berriz, gainerakoa ordainduko du —259.000—.
Kontratazioetarako diru ekarpena
Enplegu planeko kontratazioez gain, martxan dagoen beste egitasmo bat gogorarazteko aprobetxatu dute gaurko agerraldia. Oarsoaldearen bidez, eskualdeko enpresek kontratazioak egiteko diru laguntzak abian daude, martxoaren 31ra bitartean.
Deialdian jasotako baldintzak betetzen badira, hainbat diru laguntza jaso ditzakete. Lanaldi osoko kontratu bakoitzeko 3.000 euroko finantzazioa izango du, eta jornada erdi bakoitzeko, 1.500ekoa. Kontratazio horien gutxieneko iraupena hiru hilabetekoa izango da.
100 lanpostu sortzeko asmoa dute. Udalak 348.000 euro bideratuko ditu horretara, eta enpresa pribatuek eurek 540.000 euro jarri beharko lukete. Dagoeneko 57 langile hartu dituzte, eta bi hilabete barru 100eko kopurura iristea espero dute.
Udalaren enplegu planekin zein kolaborazio publiko-pribatuarekin, guztira, bi milioi euro inguru bideratuko dira lanik ez dutenak kontratatzeko.