'Amaren intxaurrondoa' jaso du Abaraxkak, landatzeko
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek intxaurrondo kimua eman diote ludotekari, landatu eta hil zirenak gogoan edukitzeko.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Amaren intxaurrak emanaldia eskaini zuten atzo Elorsoro kiroldegian. Heriotza da ikuskizunaren gai nagusia.
Horren harira, pailazoek intxaurrondo kimu bat eman diote Abaraxka ludotekari. Herriko txoko batean landatzeko ardura izango du udal ludotekak. Udalera joan dira gaur, kimua landatzeko hiruzpalau txoko eskatzeko. Herrigunetik hurbil dagoen toki bat izan behar du, eta asmoa da landaketa egunean festa txiki bat egitea, ahal izanez gero.
Intxaurrondo kimua landatzearekin bat, hil diren senide edota gertukoak gogoraraziko dituzte, baita haiek utzitako baloreak ere. Lehenago, gaiari buruzko lanketa txiki bat egingo dute herrian.
Zuhaitzaren ernamuina jasotzeko momentua ez zen izan Abaraxka ludotekak izan zuen protagonismo bakarra. Esteban Martiarena bertsolariak propio idatzitako Intxaurrondo, Intxaurrondo ez zera bakarrik egongo koplak kantatu zituzten denak batera. Bideoan entzun daiteke kanta.