Jende olderik gabe helduko da Trapujale Lezo Herri Eskolara
Inauteriak izan ziren iaz ospatutako azken jaiak. Orain, urtebetera, ate joka dira, sartu nahian, baina ezin. Horren jakitun iritsiko da Trapujale Jaizkibeldik.
Inauteriak izan ziren iaz ospatutako azken jaiak. Orain, urtebetera, ate joka dira, sartu nahian, baina ezin. Horren jakitun iritsiko da Trapujale Jaizkibeldik; ez du aurten jende olderik zain izango, baina bisita egin nahi die Lezo Herri Eskolako ikasleei. Segurtasun neurri guztiak errespetatuz, eta aurreko urteetako formatua moldatuta egingo diote harrera.
Trapujale eskolako patiora aterako da, baina ez dute ospakizunik egingo, pilaketak ekiditeko. Ostegunzurian izango da hori, hilaren 11n. Ostiralorin Trapujalez jantzita joango dira Lezo Herri Eskolako Haur Hezkuntzako ikasleak; Lehen Hezkuntzakoek, berriz, gai librea izango dute, eta ikastetxetik, ahal dela, etxean egindako jantziak eramatea gomendatu dute. Inauteriekin lotutako Zabarre irratiaren irratsaio berezia izango dute, gainera, eta zikloka jolasak egingo dituzte ordutegi eta espazio ezberdinetan.
Eskulanei ere eskainiko diete tartea data berezi horietan.
Epaiketarik, ordea ez diote egingo aurten Trapujaleri Lezo Herri Eskolako ikasleek.