COVID-19aren neurriak zorrotz betetzeko eskatu du Lezoko Udalak
Udal erakundea arduratuta dago azken egunetan COVID-19aren tasak herrian izan duen gorakadagatik. Zuhurtzia eskatu die lezoarrei.
Lezoko Udala kezkatuta dago koronabirusa herrian izaten ari den eraginarekin. Azken egunetan goreneko arrisku egoeran sartu da herria 100.000 biztanleko tasa 500ndik gorakoa delako; atzoko datuen arabera, 1.134an dago tasa hori. Kezka herritarren artean partekatu du, eta eskatu die osasun segurtasun neurriak zorrotz bete ditzatela.
Udalak adierazitakoen arabera, egoerari aurre egiteko lasaitasuna mantentzea beharrezkoa den arren, “erantzunkidetasunez, zuhurtziaz eta arduraz” jokatzeko eskatu die herrikideei, indarrean dauden jarraibideak errespetatuz eta jende pilaketak ekidinez, “edo gizarte harremanak murriztuz, esaterako”.
Alarma egoerak herritarren artean duen eraginaz kontziente da udal erakundea, eta ostalaritzaren egoera horren adibide bezala jarri du. “Baina indarrak batuz gero aurre egin ahal izango diogu egoerari. Joka dezagun elkartasunez eta zaindu eta babes gaitezen elkar”, esan du udal erakundeak.
Birusa ez kutsatzeko neurri orokorrak oroitarazi ditu udalak, hein berean: musukoa beti jantzita eramatea; eskuak maiz garbitzea; pertsonen arteko distantziak mantentzea, bizikidetza unitatetik kanpo lau pertsona baino gehiago ez elkartea; eta festa eta ospakizunik ez egitea.